Harri jasotzailea

Mikel Lopetegi, 'Urra': «Zortzigarren txapelak lehenak adinako ilusioa piztu dit»

Beste behin ere, Mikel Lopetegi 'Urra'-k irabazi du Euskal Herriko Harri Txikien txapelketa. Sasoirik onenean egon ez arren, proba guztietan izan da lehena. Eskura dauka Aimar Irigoienen errekorra, hark bederatzi bider jantzi baitzuen txapel preziatua.

Mikel Lopetegi, 'Urra'. IBON ERRAZU
Mikel Lopetegi, 'Urra'. IBON ERRAZU
jon eskudero
2026ko azaroaren 5a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kasik argazki guztietan txapela buruan duela ateratzen da oraindik ere Mikel Lopetegi Urra (Zarautz, Gipuzkoa, 1997). Joan den igandean, beste txapel bat gehitu zion garaipen zerrendari: Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketakoa. Lau probatan banatuta, 12.450 kilo bizkarreratu zituen denera, eta zortzigarren aldiz egin zen txapelaren jabe. 2018an irabazi zuen estreinakoz lehiaketa hori, eta 2024an izan ezik, urtero txapeldun izan da ordutik. Hala, garaipen bakarra falta du Aimar Irigoienen marka berdintzeko, hark bederatzi txapel lortu baitzituen. Halere, horrek ez du itsutzen zarauztarra, eta aurrerantzean ere plazetan gozatzea du helburu.

Zortzigarren aldiz izan zara Euskal Herriko txapeldun. Erraz esaten da. Ingurukoak gaizki ohitzen ari al zara?

Baietz esango nuke, baina nire buruak badaki zein zaila den urtez urte txapeldun izatea, eta hori da garrantzitsuena. Urtero faboritoa ni naizenez, jendeak uste du aise irabazi behar dudala beti, eta presio hori kudeatzea ez da batere erraza. Euskal Herriko txapelketa urteko ekitaldirik garrantzitsuena da guretzat, eta egun eta ordu jakin horretan lan ona egiteak soilik balio du. Huts txiki bat garesti ordain daiteke, eta zaila da urtero lan borobila egitea. Baina lanari eta kontzentrazioari esker, azken urteetako joerari eustea lortu dut aurten.

Tokia egin al diozu zortzigarren txapelari?

Bai, etxeko horma batean jarri dut jada, beste zazpien ondoan. Txapel guztiak errenkadan jarriak ditut, eta irudi hori ikusten dudanean poz galanta hartzen dut. Zortzigarren txapelak lehenengoak adinako ilusioa piztu dit. Guztiek daukate beren zailtasuna eta oroitzapena. Garaipen gosez nabil oraindik, harriaz gozatzen, eta, hala den bitartean, lehiatzen segituko dut.

Finalean lau ariketa egin zenituzten: 125 kiloko laukizuzenarekin, 125eko zilindroarekin, 113ko kubikoarekin eta 100eko bolarekin. Zer estrategia erabili zenuen?

Parte hartzaile guztien artean lehenengoa izan nintzen harri jasotzen, eta, beraz, ez nuen besteen erreferentziarik. Lasai hastea erabaki nuen, indartsuegi hasiz gero arriskua izaten baita horrek ondorioak izateko. Laukizuzenarekin eta zilindroarekin, dena eman gabe jardun nuen, eta ikusi genuen halere aurretik nintzela. Horrek asko lasaitu gintuen. Jon Gisasola Zelai bigarren sailkatuari alde polita atera nion. Kubikoari egur handiagoa eman nion, eta bolarekin patxadaz aritu, gozatuz. Proba guztietan aurrena izan, eta pozik geratu nintzen egindako lanarekin.

Halere, zure marka onenetik urrun geratu zinen. 2019an 13.337,5 kilo altxatu zenituen, aurten baino ia 900 gehiago. Zergatik ez zinen aritu marka hobetzeko asmoz?

2019ko kopuru horietara iristea ia ezinezkoa delako. Lehen bi probetan ikusi nuen oso bideratuta neukala txapela eskuratzea, eta, gero, aldeari eustea lehenetsi nuen. Gainera, gerriko minarekin ibili naiz azkenaldian, eta ez nengoen onenean errekorra egiteko. Nonbait, ez daukat lesio larririk, hala esan baitidate medikuek, baina ez nuen nahi bezala prestatzerik izan. Txapela janztea nuen xede, ez beste ezer.

Inoiz zure marka hobetzea gustatuko al litzaizuke?

Gustatu bai, baina ez dut uste lortuko dudanik. Harri txikiekin aritzeko, txinparta berezia eduki behar da, azkartasun ariketak baitira, eta asko kostatzen da sasoi betean egotea. Badakit oraindik gaztea naizela, baina azken bi urteetan antzeman dut ez dudala batere gora egin. Nire mailari eusten ari naiz, baina iruditzen zait goia jo dudala jada. Beste ezaugarri batzuk dauzkat orain: eskarmentua, adibidez.

«Nire mailari eusten ari naiz, baina iruditzen zait goia jo dudala jada. Beste ezaugarri batzuk dauzkat orain: eskarmentua, adibidez»

Eskura daukazun marka Irigoienena da, hark bederatzi aldiz irabazi baitzuen txapelketa hau. Zeharka bada ere, begiratzen al diozu datu horri?

Datu bat besterik ez da. Gustatuko litzaidake marka hori berdintzea, baita hobetzea ere, baina ez naiz horri begira biziko. Ez badut lortzen, ez da ezer gertatuko. Irigoien harri jasotzearen munduko izen historikoetako bat da, eta ohorea litzateke haren pare egotea. Dena den, orain aurtengoaz gozatu nahi dut, oraindik oso urruti baitago datorren urtekoa.

Euskal Herriko txapelketaz gain, beste proba batzuk ere irabazi dituzu aurten: Igeldoko Harria, Gorostidi Harria, Zarauzko Bi Harri txapelketa… Zer falta zaizu irabazteko?

Albizuri Harria. Proba hori lauzpabost urtean behin jokatzen da, Amezketan (Gipuzkoa), eta ez dut inoiz parte hartu. Oker ez banaiz, datorren urtean jokatuko da, eta gustatuko litzaidake bertan izatea. Harria 165 kilokoa da, eta hamar minutuan jardun behar izaten da. Gogorra da, baina polita. Harri Handien Txapelketan ere ez naiz inoiz izan, baina garbi dut ez dudala parte hartuko. Ez dator bat nire ezaugarriekin. Proba batean edo bestean ari, motibazioari eustea da funtsezkoena, eta, alde horretatik, eroso nago. Pozik joaten naiz entrenatzera.

Zer du Zarautzek harri jasotzearekin? Emakumeetan Lierni Osa herritarra izan da Euskal Herriko txapeldun, eta gizonezkoetan, zu zeu.

Sekulako afizioa dago herri kiroletarako. Zarautz kostako herria izaki, surfak eta arraunak badute indarra, baina beste kirol batzuetan ere ez gara atzean geratzen. Gazte mordoa ari zaizkigu harriak altxatzen, bai neskak eta bai mutilak, eta horrek gure kirolaren etorkizuna bermatzen du. Joxerramon Iruretagoiena Izeta eta ingurukoak sekulako lana egiten ari dira harri-jasotze eskolan, eta eskerrak horri.   

Nori eskaini nahi diozu txapela?

Aitonari. Apirilean joan zitzaigun, hark ere afizio handia zuen harriarekin, eta berarekin gogoratu nintzen txapela jantzi nuenean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA