Arrauna

Zumaia eta Donostiarra: infernuan bizirik iraun nahian

Zortzi punturen aldea dago Euskotren ligako azken sailkatuaren eta azken-aurrenaren artean, hau da, Zumaiaren eta Donostiarraren artean. Gaur eta bihar, ligako azken estropadak jokatuko dituzte Zarautzen, eta hortxe zehaztuko da sailkapena.

Zumaiako trainerua denboraldi honetan Orion jokatutako estropadan. AITOR ARRIZABALA / TKEGA
Zumaiako trainerua denboraldi honetan Orion jokatutako estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
2026ko abuztuaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Badakigu zaila izango dela, baina azkeneraino borrokatuko gara». Horrela mintzatu da Maddi Iriarte Zumaiako arraunlaria (Errenteria, Gipuzkoa, 2000). Arraun Lagunak-ek joan den larunbatean Euskotren liga irabazi bazuen ere, behealdean ez dago dena erabakita. Zortzi punturen aldea dago azken sailkatuaren eta azken-aurrekoaren artean, Zumaiaren eta Donostiarraren artean, alegia. Gaur eta bihar jokatuko dituzte Euskotren ligako azken estropadak, Zarautzen (Gipuzkoa), 17:25ean hasita (ETB1), eta hortxe zehaztuko da behin betiko sailkapena. Liga zortzigarren postuan bukatzen duena mailaz jaitsiko da, eta zazpigarrenak kanporaketak jokatu beharko ditu.

Bi taldeek denboraldi zaila izan dute aurten. Donostiarra zortzigarren lekuan izan da denboraldiko parte handi batean, baina, Orion (Gipuzkoa), Santurtzin (Bizkaia), Hondarribian (Gipuzkoa) eta Pasai Donibanen (Gipuzkoa) estropada onak osatu ondoren, kanporaketetako postuetan finkatu zen: hau da, zazpigarren. Marina Otegi (Donostia, 2007) Donostiarrako arraunlaria da, eta asteburu erabakigarri honen aurretik taldea zer moduz dagoen kontatu du: «Lasai gaude. Dena dela, badakigu edozer gerta daitekeela». 

«Lasai gaude. Dena dela, badakigu edozer gerta daitekeela»

MARINA OTEGI Donostiarrako arraunlaria

Joan den asteburuan Zumaia azkena izan zen Pasai Donibanen eta Getarian jokatutako estropadetan, eta, horren ondorioz, saregileei maldan gora jarri zaie denboraldia. Iriartek zehaztu du zer huts egin zituzten: «Aurkariak aurretik ikusi ditugunetan, ez gara ongi aritu, eta garesti ordaindu dugu hori». Donostiarra lasaiago badago ere, azken txanpara aho zapore «gazi-gozoarekin» heldu direla adierazi du Otegik: «Estropada askotan ez gara gustura aritu. Arraunean ari ginela gainontzeko taldeak gainera zetozela ikusi dugunetan, ezinean ibili gara». 

Iazko denboraldia eta aurtengoa ezberdinak izan dira Zumaiarentzat. Joan den sasoian, laugarren postuan amaitu zuen liga Saregileak ontziak. Aurten bestela gertatu dira gauzak, eta Zumaiako arraunlariak ziklo aldaketaz hitz egin du: «Bagenekien hau gerta zitekeela. Aldaketak izan ditugu, eta nabaritu da». Donostiarra, aldiz, iaz bezalatsu dago. Hala ere, Otegik esan du aurtengo egoera diferentea dela: «Iaz puntu gutxiagoren aldea zegoen Hondarribiaren eta gure artean, eta estu ibili ginen. Aurten, ordea, handiagoa da aldea, eta lasaiago gaude». 

Eremu berezia

Zarauzko estropada klasikoa da. Bi jardunaldi jokatuko dituzte traineruek, baina bandera bakarra egongo da jokoan. Zumaiatik Zarautzera 11 kilometro baino ez daude. Hori dela eta, hainbat zumaiar izango dira herriko taldeari babesa ematen. Iriartek estropada eremuaren inguruan hitz egin du: «Zarauzko estropada eremua berezia da. Asteburu ona osatu nahi dugu han». Donostiako arraunlariarentzat, berriz, berezia ez ezik, gogorra ere bada: «Joan den urtetik dudan oroitzapena zera da, albotik olatua sartzen denean estropada gogortu egiten dela, eta horrek zaildu egiten duela arraunketa».

«Zarauzko estropada eremua berezia da. Asteburu ona osatu nahi dugu han»

MADDI IRIARTE Zumaiako arraunlaria

Ligaren ostean, Kontxa helduko da. Zumaiak eta Donostiarrak sailkatzea lortu zuten iaz, eta aurten ere horretan saiatuko dira. Donostiarrak laugarren egin zuen, eta emaitzak hauspoa eta konfiantza eman zion kanporaketei begira. Zumaia, aldiz, bikain aritu zen Euskotren ligan, eta, Kontxarako sailkatuta, denboraldi ahaztezin bat biribildu zuen.

Bi taldeetan hizpide dute dagoeneko Kontxako Bandera. «Orain arte ligan jarri dugu arreta, baina Kontxako estropada berezia da, eta beti dago presente», esan du Otegik. Zumaia nahi eta ezin aritu da aurten, eta Iriartek uste du balioa izango lukeela Kontxarako sailkatzeak: «Denboraldian ez gara ongi aritu, eta garrantzitsua izango litzake Kontxan aritzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA