Athletic, KOPAKO FINALEAN

Zuri-gorriz jantzi dute zaleek Athletic Hiria, Bartzelonan

8.000 auto, 800 autobus, hiru tren eta 11 hegaldi; hasi da athleticzaleen finala. Imanol Magro BERRIAko kazetaria Bartzelonan da, eta bi egunez zuzeneko kontaketa egingo du handik. Bideoa: giroa Athletic Hirian (Lara Madinabeitia). [Youtube]https://youtu.be/CmepKQ3jwKw[/Youtube]

jon ordonez garmendia
2015eko maiatzaren 30a
12:55
Entzun

Zabaldu daigun guztiok, irrintzi alaia...", dio Athleticen ereserkiak, eta gaurtik aurrera inoiz baino ozenago entzungo da irrintzi hori Bartzelonan. Larunbatean jokatuko du Athleticek Bartzelonaren aurkako Espainiako Kopako finala, Camp Noun, eta gaurtik 60.000 athleticzalek baino gehiagok hartuko dute finalerako bidea. Jada Athletic Hiria gunearen inguruan dira hainbat zale, ofizialki gauera arte zabaldu ez duten arren.

[Youtube]https://youtu.be/9Gi6q0nH-xg[/Youtube]

Azken urteetan beste bi final jokatu dituzte Athleticek eta Bartzelonak, Valentzian eta Madrilen, eta bietan galdu du Athleticek. Aurten Bartzelonan jokatuko du, aurkariaren etxean, munduko talde onenaren aurka. Hala ere, hori ez da izan aitzakia Ernesto Valverde entrenatzailearen taldea babesik gabe geratzeko. Are eta gehiago, Camp Nouren handitasuna dela eta, inoiz baino zale zurigorri gehiago egongo dira biharko partidan.

Athleticek 50.000 zalerentzako sarrerak banatu ditu, baina, horiez gain, beste 10.000 zale sarrerarik gabe joan dira. Zer egin izango da Bartzelonan horientzat ere. Aste honetan 300 eta 400 euro bitartean ari zitzaizkien eskatzen sarrerak bigarren eskutik erosi nahi dituztenei. Hori ordainduko duenik ez da faltako. Bilbotik 800 autobus baino gehiago aterako dira datozen orduetan, hiru tren eta 11 hegaldi. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñetik bihar Bartzelonarantz aterako diren trenak beteta daude, eta errepidean 8.000 ibilgailu baino gehiago espero dituzte Athletic babesteko. Hori gutxi ez, eta bihar partida San Mamesen pantaila erraldoietan ikusteko sarrerak ere agortu dira, eta Bilboko kaleetan hamalau pantaila erraldoi jarri dituzte. Imanol Magro BERRIAko kazetariak kontatu duenez, ostiral goizetik ikus daitezke bandera zuri-gorriak bidean.

31 urte dira Athleticek ez duela Espainiako Kopa irabazten, eta belaunaldi bat baino gehiago dira tutulu gose; Iñaki Williamsek Youtube bidez ikusi du gabarra. Zaila dago, denek aitortzen dute, baina Anjel Mari Peñagarikano bertsolari eta athleticzaleak Euskadi Irratian esan duen moduan, talde zuri-gorriak finalerako txartela eskuratu zuen egunetik zaleek duten ilusioa hor geratuko da, irabazi ala galdu. Hori bai, irabaziz gero, gutxienekoa aurreko datu horiek guztiak izango dira. Athleticek, hala egin behar duelako, eskatua du jada irabaziko balu astelehenean gabarra ateratzeko baimena. Igandean Ibilaldia izango da Bilbon, eta ondorioz astelehenerako eskatu behar izan dute baimena.

[Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2368/[/Berriatb]

Bilbo zuri-gorriz jantzi da egun hauetan. Athleticen partida jokatzen ote den galdetzen dute turistek. Ernesto Valverderen taldeak, ahal den moduan euforia horretatik guztitik ihesi, gaur esango dio agur Bilbori, igandean kopa eskuan itzultzeko itxaropenarekin. 16:30ean hartu dute Bartzelonarako hegaldia jokalariek, eta ez dute bihar arte Camp Nou futbol zelaia zapalduko. Endika Guarrotxenak eta Koikili Lertxundik aste honetan BERRIAn gogoratzen zuten moduan, final bateko sentipenak oso bereziak dira. Are bereziagoa izango da partida Iago Herrerin atezainarentzat. Girorik ez da faltako, eta ikusteko dago talde bateko eta besteko zaleek zer harrera egiten dioten Espainiako ereserkiari; klubak isunekin mehatxatu dituzte. ANCk independentzia oihukatzera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.