1919ko 'Zeruko Argia'-tik 2026ko azken 'Argia'-ra, denak kontsultatzeko moduan

Digitalizazio prozesu luze baten ostean, 'Argia' aldizkariaren hemeroteka libre eta doan jarri dute. Bilaketak erraz egin daitezke, eta PDFak doan deskargatu.

'Argia' aldizkariaren hemeroteka digitala. ARGIA
'Argia' aldizkariaren hemeroteka digitala. ARGIA
urtzi urkizu
2026ko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

152.949 orrialde, euskara hutsean. Euskarazko prentsaren altxor ugari tartean. Argia aldizkariak gaur jarri du herritar guztien eskura bere hemeroteka digitala. Zeruko Argia 1919ko urtarrilean argitaratzen hasi zenetik 2026ko azken astekariraino, zenbaki guztiak osorik kontsultatzeko aukera jarri dute.

Prozesu luzea izan dela aitortu dute aldizkariko kideek. «Oso aspaldian hasitakoa. Zenbaki guztiak eskaneatu eta publiko jartzeko asmoz, 2010etik aurrera izan ziren ahalegin batzuk. Baina hain zen handia lana, hasi eta ezinean alboratu egin baitziren ahaleginak», azaldu du Xabier Letonak, aldizkariaren izenean. «Aldizkari gehienak eskaneatu genituen, baina disko gogor batean genituen, babes kopia gisa». Ondotik, lantalde bera aritu zen Fototekaren egitasmoa bideratzen —100.000 argazki baino gehiago daude gune berean—. Taldeko beste batzuk Hemeroteka berriaren webgunea diseinatu eta aurrera eramaten aritu ziren. «Hau guztia komunikatzen ere murgildu gara», dio Urko Apaolazak. 1919tik 2006ra arteko aldizkarien digitalizazioa Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmen baten bitartez gauzatu ahal izan dute.

Hemerotekaren webgunean sartzen den erabiltzaileak bilaketak egin ditzake, modu diferente eta osagarrien bidez. Hamarkadaka eta urteka egin daitezke bilaketak. Baita produktuka ere: Argia, Larrun, Bizi baratzea, Orria, Gakoak, Txt komikia, Txistu komikia eta Sagarrondotik. «Hemerotekak, gainera, nabarmendutako zenbakiak eskainiko ditu etengabe webgunearen azalean. Kronologikoki gaur egunetik atzera eginda ordenatuta dauden azalen orrialdeetan murgilduta ere bilatu ahal izango da nahi den zenbakia», azaldu du Letonak. Hemeroteka ondu dutenek «soiltasuna eta erraztasuna» lehenetsi dituzte, erabiltzaileen mesedetan. Epe zehatzen artean ere egin daitezke bilaketak.

Deskargatu eta inprimatzeko aukera

Euskarazko aldizkari guztiak PDF formatuan deskargatu daitezke, inolako oztoporik gabe. Doan deskarga daitezke, «paperean inprimatu eta patxadaz irakurtzeko ere». Argi baitute Argia-koek: «Gure ondare guztiak euskal gizarte osoaren esku egon behar du, libre eta doan. Ezagutza eta edukiak horrela partekatu behar direla uste dugu, guztion onurarako. Horregatik, gureak diren eduki guztiak Creative Commons CC BY-SA lizentziapean zabaltzen ditugu». Horrek esan nahi du aldizkariko eduki guztiak haienak direla, baina edonork erabil ditzakeela, baldin eta jaso duen materialaren egiletza aipatzen badu, eta lizentzia berberarekin zabaltzen badu. «Hortik abiatuta, Fototekaren eta Hemerotekaren eduki guztiak doan erabili ahal dira, baita PDFak deskargatu ere».

Hemerotekan aldizkariaren 107 urteetako milaka azal aurkituko ditu erabiltzaileak. «Azal periodistikoetarako trantsizioa ikusten da Zeruko Argia-n. Eta 1970eko hamarkadan hasita, Euskal Herriko giro politikoaren sintonian, gai sozialekin konprometitutako azalak ikus daitezke». Tartean dira dozenaka ilustratzailek eta artistak egindako azalak.

Atzera joz, gogoratu behar da ezen hasieran, XX. mendearen lehen etapan, hilabetekari erlijiosoa zela Zeruko Argia. «1921ean, Argia informazio orokorreko astekaria sortu zuten Donostian; elizgizonek egindakoa zen, baina informazio orokorra lantzen zuten, eta horrek beste ikuspegi bat eman zion hedabideari», gogoratu du Letonak. 1960ko hamarkadan, Zeruko hitza txikitu egin zen azaleko mantxetan. Eta 1980. urtean guztiz desagertu zen, langileek aldizkaria erosi eta haien gain geratu zenean.

Azkeneko urteetako aldaketak hemerotekan ere antzeman daitezkeela iruditzen zaio Letonari: «Berrikuntza tekniko gisa, aldizkariak orriz orri modu oso bisualean ikusteko aukera ere gehitu diogu hemeroteka digitalari».

Komikizaleentzat ere altxor ugari daude webgunean esku-eskura. Kasurako, 1927an Argia-k argitaratu zuen Txistu haurrentzako hamasei komikiak eskuratu eta bertan jarri ahal izan dituzte. 1986tik 1990era, Argia-rekin batera argitaratzen zuten TXT komikia ere modu soltean kontsultatzeko aukera jarri dute. Bertan, euskaraz argitaratzen zituzten aktualitatearekin loturiko zintak eta nazioarteko komikietako pasarteak. Denborapasak ere bai. «Ezkutuan zegoen beste altxor bat».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA