3.000 lagun gehiago behar ditu BERRIAk

Hogeigarren urteurreneko berrikuntzei lotuta, beste 3.000 BERRIAlagun lortzeko kanpaina bat hasi du BERRIAk. Abantaila gehiago eskainiko dizkie BERRIAlagunei, eta gazteentzat tarifa berriak jarriko ditu.

Irulegiko aztarnategia
BERRIAlagunentzako irteera Irulegiko aztarnategira, aurtengo ekainean. BERRIA
mikel p ansa
2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Irakurleei, euskaldunei zor zaie BERRIA, ez beste inoren interesei. Haiek babestu dute egunkaria, sortzean, birsortzean eta iraun beharrean. Eta BERRIA 3.000 babesle gehiago lortzeko premian da orain. Gaur egun, irakurleek eta publizitateak ekartzen dituzte egunkariaren diru sarrera guztien %55. Independentzia eta kalitatezko informazioa bermatzeko ezinbesteko oinarria da hori, baina oinarri hori zabaldu beharrean da egunkaria.

Papereko irakurleak bakanduz doazen bezala doaz gutxituz diru sarrerak ere. 2011n, krisi ekonomikoaren zurrunbiloaren erdian, kazeta honek erabaki zuen ordainpeko hesirik ez jartzea irakurleei sarean. Idoia Dadebat marketin digitaleko arduradunak azaldu du: «Sinisten dugulako egunkariaren eginkizuna euskararen hedapena eta biziberritzea dela, eta ahalik eta irakurle gehienen eskura jartzea kalitateko informazio nazionala euskaraz».

Aldi berean, baina, diru sarrera berriak bilatu beharrez, BERRIAk erabaki zuen Interneteko irakurleei borondatezko kuota bat eskatzea. Eta horrela sortu ziren BERRIAlagunak. Dadebat: «Bisio egoki horri esker, negozio ereduan jauzi bat egin zuen BERRIAk, eta aldaketa horri esker eutsiko dio, neurri batean, papereko harpidetzen beherakadak eragindako diru sarreren jaitsierari».

Gaur egun 14.000 lagun inguruk egiten diote ekarpen ekonomiko bat BERRIAri. Interneteko irakurleak dira batzuk, papereko harpidedunak beste batzuk: BERRIAlagunak guztiak. Gainerako irakurleen aldean, abantaila batzuk dituzte: zozketak, gonbidapenak, deskontuak, esperientzietan parte hartzea eta PDFa irakurtzeko aukera, besteak beste. Artikuluetan iruzkinak egiteko aukera ere izango dute, zerbitzu hori BERRIAlagunentzat jarriko baitu egunkariak.

Komunitateko berrikuntzak

  • BERRIAlagunentzat. Parte hartzeko aukera berriak izango dituzte, eta eduki berezi batzuk haiei aurreratuko dizkie BERRIAk. Komunitatearen webgunean sartzeko, pasahitza eguneratu behar dute. PDFa bezperan edukiko dute eskura, eta zozketak, bonuak, esperientziak, deskontuak eta abar eskuratu ahalko dituzte.
  • Pasahitza. Webgunearen aldaketa teknologikoen eraginez, beharrezkoa da pasahitza berreskuratzea abantaila horiez baliatzeko.
  • Irakurleentzat. Izena eman eta erregistratzen diren irakurleek zenbait abantaila izango dituzte gainerako irakurleen aldean.
  • Gazteentzat. Tarifa berriak sortu ditu BERRIAk.
  • Kanpaina. 2025erako beste 3.000 babesle lortu nahi ditu egunkariak, aldi hau kontatzen jarraitu ahal izateko.

BERRIAlagun guztiek eskura izango dituzte beren abantailak webgunean, komunitatearen atalean, orain arte bezala, Berria.eus/komunitatea helbidean. Pasahitza berreskuratu beharko dute, dena den, zeren webgunea berritzean azpiegitura teknologiko guztia ere berritu baita. Webguneko azalean, eskuineko goiko aldean erregistratu behar da zerbitzuak erabiltzeko edota pasahitza berreskuratzeko.

Orain, BERRIA babesten duen komunitate hori ardatz izateko ahaleginean sakonduko du egunkariak, eta, abian jarri duen «aldaketa integralaren» barruan, BERRIAlagunei parte hartzeko eta komunikatzeko bide berriak eskainiko dizkie egunkariak, eta irakurleen esperientzia aberasteko aukera berriak jarriko dizkie. Bestalde, gazteentzako tarifa berriak jarri ditu BERRIAk: 30 urtetik beherakoak urtean 30 euroren truke egin ahalko dira BERRIAlagun.

Horrez gain, BERRIAlagun ez diren irakurleei ere abantaila batzuk eman nahi dizkie: hemendik aurrera, nahi duten irakurle guztiek artikuluak gorde, buletinak kudeatu eta egile edo gai jakin batzuei jarraitu ahalko diete. Horretarako, izena eman behar dute BERRIAren webgunean.

irakurle aurreratuen abantailak

  1. Artikuluak gordetzea.
  2. Buletinak kudeatzea.
  3. Egile jakinei jarraitzea.
  4. Podcast jakinak jakinei jarraitzea.
  5. Gai jakinei jarraitzea.
  6. Bozketa eta inkestetan parte hartzea

Berrialagunen abantailak

  1. Irakurle aurreratuen abantaila guztiak, eta, horiez gain, zerbitzu hauek ere bai:
  2. PDFa, bezperatik.
  3. Zozketak.
  4. Opariak.
  5. Esperientzia esklusiboak.
  6. Artikuluetan iruzkinak egitea.
  7. Dendako deskontuak.
  8. Eduki berezi batzuen aurrerapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.