ETB1 kateko Tribuaren berbak saioan gizartea eta hizkuntza goitik behera aldatzen ari den iraultza bati buruz hitz egingo dute bihar gauean (22:00): adimen artifizialaz. Hain zuzen ere, adimen artifizialaren eta euskararen etorkizunean murgilduko dira Kike Amonarriz Gorria eta Izaro Arruti Agirreurreta, gaia ondo ezagutzen duten pertsonen laguntzaz.
Beñat Erezuma teknologia eta digitalizazio irakaslea da, eta adimen artifizialera gerturatzen lagunduko dio ikus-entzuleari. Zer den argituko du, eta sortzen dituen beldur eta arriskuez ere arituko dira harekin. Adimen artifizialak ikasleen ikasketa prozesuan duen eraginaz eta adimen artifizialaren eta pantailen gehiegizko erabileraz ere mintzatuko dira. Erezumak adimen artifizialaren bidez idatzitako poesia liburu bat ere kaleratu zuen duela urte batzuk.
Adimen artifizialak geroz eta errealagoa dirudi, eta askotan zaila izaten da bata eta bestea bereiztea. Kalean ibiliko da Arruti, eta horren inguruko jolas bat proposatu die herritarrei.
Elixabete Garcia Eusko Jaurlaritzako eraldaketa digitaleko zuzendariarekin ere mintzatuko dira saioan. Euskarak teknologia berrietan eta adimen artifizialean lekua izateko Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den lan ildoak azaldu ditu. «Euskarazko tresna erabilgarriak, fidagarriak eta batez ere kalitatezkoak izatea da helburua. Horrela, gero eta tresna eta zerbitzu gehiago erabili ahal izango ditugu euskaraz eguneroko bizitzan: administrazioan, hezkuntzan, osasunean edo lanean», dio Garciak.
Ikerketa zentroak
Saioko aurkezleen arabera, XXI. mendean euskara garatzeko, edo gizarte bezala aurrera egiteko, ezinbestekoa izango da adimen artifizialean ere egotea. Hori dela eta, langintza horretan ari diren bi erakunde ezagutzera joango dira: Euskorpora batetik, eta Hitz ikerketa zentroa bestetik.
Euskorporan zertan ari diren bertako zuzendari nagusi Leire Barañanok azalduko du. Ingurune digitalean euskararen presentzia sustatzen ari dira, euskarazko corpus digitala sortzen. Horretarako bildu behar diren datuak nola biltzen dituzten argituko du.
EHUko Hitz ikerketa zentroko zuzendaria Eneko Agirre da. Hasteko, adimen artifizialak izan ditzakeen mehatxu eta arriskuez arituko dira harekin. Euskarazko adimen artifiziala garatzen ari dira. Horren ondorio da Latxa, eta oraintxe nola eta zertarako erabil daitekeen erakutsi die ikus-entzuleei. Hiztegiez arituko direnez, bitxikeria bat ere jakingo dute ikusleek: Niccolo Landucci italiarrak 1562an euskarazko lehendabiziko hiztegia idatzi zuen, Arabako sei bat mila hitzekin. XVI. mendeko euskalki hura aspaldi desagertu zen.
Elkarrizketa interesgarri gehiago ere egingo dituzte. Aitzol Astigarraga Orai NLP zentroko koordinatzailea da. Hizkuntzara aplikatutako adimen artifizialeko laborategia da hori, eta Elhuyar fundazioaren barruan dago. Astigarraga hiztegien eta itzultzaile automatikoen ezberdintasunaz ariko da saioan, baita gaur egun dauden itzultzaile automatikoen arteko ezberdintasunez; euskararako bereziki entrenatuta dagoen Elia itzultzaile automatikoak nola funtzionatzen duen erakutsiko du.
Programa amaitzeko, adimen artifizialak neurozientzian eraginik baduen galdezka joango dira BCBLra. Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko zentroa da hori. Burmuinaren eta hizkuntzaren ikerketa sustatzen duen zentro bat da, eta Garikoitz Lerma-Usabiaga ikerlariak jakinaraziko du hizkuntza ardatz duten zer ikerketa lerro ari diren garatzen bertan.Â