«Entzuten baduzu, kontzentratzen bazara eta zure konfort eremutik ateratzen bazara, lor dezakezu. Ez dago ezinezkorik ezer». Hala esan zuen Owen Cooper Adolescence telesaileko (BBC-Netflix) aktoreak bart, Los Angelesen (AEB), Emmy saria jasotzerakoan. 15 urte baino ez dituela, Emmyen 77 urteko historian saria jaso duen aktore gazteena da. Gau biribila izan da telesail horrentzat eta Stephen Grahamentzat, zortzi Emmy irabazi baitituzte. Grahamek, aktore onenaren saria jasotzean, emazteari egin dizkio hitzak: «Badakizu zu gabe ni hilda nengokeela». Outstanding limited or anthology series kategorian telesail onena izendatu dute Adolescence. Hau da, hasiera eta bukaera duen telesail mugaturik onena.

Edonola ere, izan da Adolescence baino Emmy gehiago jaso duen fikziorik: The Studio telesailak hamahiru Emmy sari irabazi zituen. Hollywoodeko estudioen satira egiten du Apple TV Plus plataformaren telesail horrek, eta komedia onenaren saria jaso du. Seth Rogen aktorea da protagonista, eta hari eman diote komediako aktore onenaren saria.

2025eko beste fenomeno bat The Pitt telesaila (HBO Max) izan da. Ospitale baten larrialdi zerbitzuetan dago girotuta, eta harentzat izan da drama onenaren Emmy saria. Noah Wyle aktore protagonista ere saritu zuten.

Hautagaitza ugari zituen, bestalde, The Penguin telesailak (HBO Max). Ez da batere txarra izan gaua fikzio horrentzat, bederatzi sari lortu baititu. Cristian Milioti aktoreak eman zuen gaueko diskurtsorik hunkigarrienetako bat.
Palestina
Telebistaren munduko saio onenei aitortza egiten diete Emmy sarietan, eta atzo gaueko ekitaldian ez dira diskurtso politiko asko entzun. Baina izan da salbuespenik: Javier Bardem Espainiako aktorea kufiya zapiarekin azaldu zen tapiz gorrian, eta Palestina jasaten ari den egoera salatu zuen: «Urgentziazkoa salatu beharra dago, hau da, Israel Gazan egiten ari den genozidioa. Israel estatu genozidari blokeo komertziala eta diplomatikoa egitera deitu behar dugu». Antzokiko lehen lerroan eseri zen aktorea. Gogorarazi zuen milaka haur ari direla gosez hiltzen, eta 60.000 hildakori gehitu behar zaizkiela «hondakin artean gelditzen ari direnak».
Hannah Einbinder aktoreak, halaber, «Palestina libre!» oihukatu zuen komediako taldeko aktorerik onenaren saria jaso zuenean. Judua da Einbinder, eta bat egin du 4.000 aktorek Israelgo entitateekin lanik ez egiteko sinatu duten adierazpenarekin. «Ikus-entzunezkoen industriako langileen boikot horren helburua ez da gizabanakoei boikot egitea, baizik eta genozidioaren konplize zuzenak diren erakundeen aurka jotzea. Boikot hori eraginkorra da botereari presioa sortzeko».