2015etik 2024ra Gogora Institutuaren zuzendaria izan zen Aintzane Ezenarro (Getaria, Gipuzkoa, 1971). Iaz, ordea, Eusko Jaurlaritzan EAJren eta PSE-EEren arteko sailen banaketa berrian, memoria historikoaren gaiak sozialisten esku gelditu ziren. Horrenbestez, Ezenarro Gogora-tik kendu zuten, eta PSE-EEk Alberto Alonso aukeratu zuen postu horretarako. Orain, EITB talde publikoak memoria historikoarekin lotutako edukien arloburu kargua betetzeko hautatu du Ezenarro. Hain zuzen ere, Eduki Historikoen arloburua du izena postuak.
Batez ere ETBrekin lotutako memoria edukiak koordinatuko ditu Ezenarrok. Baina haren egitekoa ez da izango albistegietako eduki editorialetan eragitea. Aurretik, Iñigo Camino zen EITBko arloburua sail horretan —urtebete egin du karguan, eta beste lan bat egiteko joan da EITBtik—.
Ezenarro kazetaritzako eta zientzia politikoetako lizentziatua da, EHUn. Kazetari lanetan aritua da: El Mundo egunkarian, ekoiztetxe batean eta Elkarriren aldizkarian —Elkarrin lanean Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzako idazkari ohiarekin aritu zen—. Politikan jardun zuen gero: 2003an Aralar alderdiko zinegotzi hasi zen, jaioterrian; eta 2005etik 2012ra Aralarren legebiltzarkidea izan zen Gasteizen. Hain zuzen ere, 2012an Aralarrek Ezenarro bera, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe kaleratu zituzten arte. Handik hiru urtera, 2015ean, EAJren eskutik iritsi zen Gogora institutuko zuzendaritzara.
Azkeneko hilabeteetan, Ezenarrok irakasleen formakuntzaren inguruko master bat egin du.