Ajea pasatzeko podcast bat

Ane Urresti eta Iker Iribarren 'Resaka pasa' bideopodcasta egiten hasi dira. Igande arratsaldeetan sareratzen dute, Youtuben.

Iker Iribarren eta Ane Urresti 'Resaka pasa' podcastaren gidariak. JON URBE / FOKU
Iker Iribarren eta Ane Urresti 'Resaka pasa' podcastaren gidariak. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandeak ajea pasatzeko egunak izaten dira batzuentzat: gazteentzat eta ez hain gazteentzat. Horiek horrela, Iker Iribarren eta Ane Urresti eduki sortzaileak Resaka pasa bideopodcasta egiten hasi dira. Aurreneko bi atalak Youtuben ikus daitezke. Baita sarrera gisa egin zuten bideoa ere.

Urrestik ETB1eko Mihiluze lehiaketan egiten du lan. Iribarren, berriz, taberna batean lanean ari zen bolada batean, proiektu batean murgiltzeko gogoz zebilen. Elkar ezagutzen ez zuten arren, podcast bat egiteko proposamena egin zion Iribarrenek Urrestiri, eta Urrestik baiezkoa eman zion berehala. «Komunikazioan eta ikus-entzunezkoen munduan nabil, eta beti sortu nahi izan dut bideopodcast bat», dio Urrestik.

Iribarrenek aitortu du ez duela podcast askorik kontsumitzen. Biek aipatu dute Benetan zabiz? bideopodcasta ikusi izan dutela —Aitziber Gradosek eta Malen Altunak aurkezten dute—, eta gustuko dutela. «Baina argi nuen ez nuela inor kopiatu beharrik», azaldu du Iribarrenek. «Edonola ere, bioi asko gustatzen zaigu hitz egitea».

Baina bideopodcast bat aurrera eramateko, hitz egitearekin ez da nahikoa. Eta Urrestik nabarmendu du gertuko lagun batzuen laguntza izan dutela diseinuan, arlo teknikoan, grafismoan... Kontrol Studiok, berriz, lokal bat utzi die podcasta grabatzeko, Donostian.

Grabazioei ekin aurretik, hainbatetan elkartu ziren Iribarren eta Urresti, eta, bide batez elkar hobeto ezagutzeaz gain, podcastari forma eman zioten pixkanaka-pixkanaka. «Era berean, konturatu ginen oso parrandazaleak garela biak. Eta, hain justu, lehen grabaketak egin behar genituen igande guztien bezperan parrandarako planak genituela». Hortik atera zen, bada, saioaren izena: Resaka pasa. «Gazteei begirako izen bat ere nahi genuen, umoretsua».

Bideopodcastaren atalek 20-25 minutu irauten dute. «Podcastak oso luzeak baldin badira, ordubetekoak edo, jendea ez da amaierara arte iristen», Iribarrenen esanetan. «Nahi duguna da hartzaileari podcasta astuna ez egitea. Motza egin zaiolako sentsazioa izan dezala».

Askotariko gonbidatuak

Resaka pasa bideopodcastaren atal bakoitzean gonbidatu bat izaten dute. Lehen atalean, Ana Goitia kazetari, komunikatzaile eta umorista gonbidatu zuten. Bigarrenean, berriz, Enaitz Gabilondo arotz gaztea. Iribarrenek nabarmendu du gonbidatuak ez direla soilik komunikazio arlokoak, musikariak eta aktoreak ere izango direla. «Denetarik egotea nahiko genuke».

Iker Iribarren eta Ane Urresti "Resaka pasa" podcastaren gidariak
Iker Iribarren eta Ane Urresti Resaka pasa podcastaren gidariak, Donostian. JON URBE / FOKU

Lagun batzuen parte hartzea ere badute podcastean. Kasurako, Iñigo Aranburu modan aditua joango da podcastera tarteka. «Hasieratik pentsatu genuen inguruko jendea ekartzea podcastera», diote Resaka pasa-ko gidariek.

Urrestik eta Iribarrenek nabarmendu dute podcasta «gertutasunez» egin nahi dutela. «Igandeetan entretenitzeko podcast bat egin nahi dugu. Jendeak ikus gaitzala hizketan ari garen lagun batzuen moduan. Ajearekin jaikitzen den jende horri, funtsean, entretenitzeko saio bat eskaini nahi diogu».

Astean behin gelditzen dira podcasta grabatzeko, eta bi atal grabatzen dituzte aldiro. Ondotik, Urresti arduratzen da edizioaz. Eta Youtuben sareratuko duten atala osatua duenean, Iribarreni bidaltzen dio; ondotik, Iribarrenek zatikatu egiten du, eta bideo zati laburrak prestatzen ditu Interneteko sare sozialetan zabaltzeko. Azpidatziak ere jartzen dizkiote bideopodcastari.

Urrestik eta Iribarrenek aitortu dute apaltasunez hasi dutela Resaka pasa-ren bidea. «Asko dugu hobetzeko». Ez dute baztertzen etorkizunean podcasta jendaurrean egitea. «Publikoarekin lortzen den konexio hori asko gustatzen zait. Primerakoa litzateke Resaka pasa publikoaren aurrean egitea», dio Iribarrenek. Eta irratiren baten eskaintza jasoko balute, aztertuko lukete zer egin. «Baina hasierako asmoa ez da hori. Oraingoz behintzat, oso pozik gaude inguruan izan dugun harrerarekin», esan du Urrestik. 

Resaka pasa-ren lehen denboraldiak bederatzi atal izango ditu. Udan atsedena hartuko dute. Eta, okerrik ezean, udazkenean itzuliko dira aje egunetako kontuak Youtuben plazaratzera. Udakoak, kamera eta mikrorik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA