Aldatu Gidoiak salatu du euskarak «bigarren mailako tokia» duela ETB On plataforman

Talde euskaltzalearen iritziz, ETB On lehia egiten zaio Primeran plataformari, eta zalantzan jartzen du haren bideragarritasuna.

ETB On plataformaren aurkezpena, abenduaren 16an, Bilbon. ETB
ETB On plataformaren aurkezpena, abenduaren 16an, Bilbon. ETB
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 30a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aldatu Gidoia herri mugimenduaren ustez, ETB On plataforma elebiduna martxan jarrita, EITBk bazterrean utzi du euskara. Taldeak dio badela garaia «ETB euskararen hegemonia gune» izateko. Bada, taldearen iritziz, ETB On plataforma berrian «bigarren mailako tokia» du euskarak, eta, are, EITBren plataforma berria martxan jarrita, «aurrera egiteko ia aukerarik gabe» utzi dute euskarazko Primeran plataforma. Hori kontuan hartuta, premiazkotzat daukate EITBren norabideari buruzko «hausnarketa estrategikoa» egitea.

Abenduaren 16an aurkeztu zuten ETB On, EITBren plataforma digital elebiduna, Bilbon. Aldatu Gidoiak salatu du gaztelaniazko eskaintza nabarmen nagusi dela plataforma horretan, eta euskarak «bigarren mailako tokia» duela. «ETB On abian jarrita, oso posizio txarrean eta aurrera egiteko ia aukerarik gabe utzi du euskarazko Primeran plataforma: ETB On dagoenez eta euskarazko telebista saio esanguratsuenak eta zuzenekoak bertan ematen direnez, egoera jasanezina sortzen da, lehia egiten zaio Primeran plataformari, eta zalantzan jartzen da haren bideragarritasuna». Talde euskaltzalearen arabera, EITBko zuzendaritza horren jakitun da guztiz.

Hausnarketa egiteko, denboran atzera egin dute mugimenduko kideek: «Gaztelaniazko ETB2 katea sortu zen garaia datorkigu gogora. ETB2 sortzeak eta urteetan ETB2ren aldeko apustua egiteak kalte konponezina eragin die euskarazko  ETB1 kateari eta euskarari». Talde euskaltzalearen aburuz, «EITBren aurrekontuaren zatirik handiena gaztelaniazko edukiek hartu izan dute», eta «gaztelaniazko programak promozionatu izan dira»; hala, «euskaldunek gaztelaniazko programetara jo izan dute erregularki», eta egoera «naturalizatu»: hori, hizkuntzaren ikuspegitik, «azkena da euskara bezalako hizkuntza minorizatu batentzat eta euskaldunona bezalako hiztun komunitate gutxitu batentzat». Aldatu Gidoiaren ustez, ETB On sortuta eta ETB On-en gaztelaniazko eskaintza nagusituta, «antzeko egoera» sortu da: «Euskaldun hiztunek natural-natural joko dute ETB On-en nagusi diren gaztelaniazko edukietara».

Eusko Jaurlaritza eta EITB jo dituzte  egoeraren erantzuletzat: «Onartezina da Jaurlaritzak eta EITBk horrela jokatzea. Ezin dugu onartu EITBren eskaintzan —hala telebista konbentzionalean nola streaming bidezkoan— euskara eta euskaldunok behin eta berriz baztertzea; noiz eta orain, euskalgintzak eta hainbat eragilek eta norbanakok aldarrikatu duten honetan pizkunde bat sortu beharra daukagula euskarari etorkizun bat emateko».

Gune hegemonikoak nahi dituzte euskararentzat 

Aldatu Gidoiaren ustez, bestalde, «pizkundea sortzeko eta hizkuntza biziberritzeko, politika publiko jakinak behar dira, neurri zehatzak: behar-beharrezkoa da euskararentzat gune hegemonikoak artikulatzea». Euskara biziberrituko bada, «euskarari hegemonia guneak eskaintzen asmatu» delako biziberrituko da. Mugimendu horren ustez, «hizkuntza batek ez badu hegemonia gunerik edo indargunerik, hizkuntzak ez du ekoitziko, ez hiztun osorik sortuko; eta, ondorioz, ez du belaunaldi asko iraungo».

ETB ON plataforma berria
ETB ON plataforma berria


Hezkuntzaren adibidea ekarri du gogora talde euskaltzaleak; haren esanetan, «hainbat eta hainbat izan dira, intuizio sakon batek bultzatuta, eskola elebidunari uko egin eta euskara ardatz hegemoniko eta nagusi duen eskola ereduaren alde egin dutenak». Era berean, kritiko mintzo da irrati eta telebista erakunde publikoarekin: «Nekatu gara EITBko arduradunen aitzakiez, nekatu gara euskarazko edukiak kontsumitzen ez direla entzuteaz, eta horren erantzukizuna euskaldunon gain jartzeaz. Ez dugu gehiago onartuko EITBn euskara baztertzeko kontsumoa edo ikusle datuak aitzakia gisa jartzea; ez dugu gehiago onartuko erantzukizuna herritarroi leporatzea. EITBren obligazioa da euskarari eta euskarazko edukiei lehentasuna ematea». Lehentasunak argi beharko lituzke talde publikoak, Aldatu Gidoiaren aburuz. «EITB bene-benetako eta egiazko zerbitzu publikoa izango bada, lehentasunez euskaraz emititzen duelako izango da, euskararentzat indargune delako. Hemen eta orain, zerbitzu publikoa izatea lehentasunez euskaraz emititzea da».

Bestalde, salatu du Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskaldunek ezin dituztela ikusi ETB On plataformako eduki asko eta asko. Taldearen iritziz, «iraingarria da» Euskal Telebistak, hau da, hizkuntza eta kultura komunitate osoari erantzun behar dion erakunde batek «euskal herritarren parte bati bizkarra ematea sistematikoki», eta EITBko arduradunei eskatu die «hartu beharreko neurriak hartzeko» eta «egoera berehala zuzentzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.