«Makusi plataformaz gain, Makusi kate konbentzionala behar dugu. Konbentzionalean zein plataformetan marka propioa zainduta eta indartuta soilik izango gara gai haurrak EITBra eta euskarara erakartzeko». Hala adierazi du gaur Aldatu Gidoia talde euskaltzaleak agiri batean.Â
Martxoaren 18an ETB3 katea ETB1 On bilakatu zuen EITBk, eskaintza jeneralista bilakatuz. Ondotik, EITBko zuzendaritzak, talde euskaltzale batzuekin bildu ondoren, jakinarazi zuen apirilaren 13tik aurrera ETB1 On katean haurrentzako programazioa emango zuela goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpietara. Maiatzaren 18an, ETB1 On kateak 20:00etaraino zabaldu zuen eskaintza hori, Henry Danger saioarekin. «Behin-behineko adabaki bat da hori», kritikatu du Aldatu Gidoia taldeak. «Telebista linealetik haurren eskaintza erabat kentzeko arriskua hor dago orain ere». EITBri eskatu diote bere asmoa jendaurrean argitzeko.
Talde euskaltzalearen arabera, eragileek erakutsitako batasunari eta herritarren aktibazioari esker, «behin-behinean eta partzialki» lortu zen EITBren erabakia baldintzatzea eta ETBren kateetan haurrentzako eskaintza tarte bati eustea. «Baina hau hasi besterik ez da egin. EITBko arduradunek ez dute eten haurren katea eta eskaintza desegiteko prozesua». Hain zuzen ere, Aldatu Gidoia taldearen arabera, EITBko zuzendaritzak apirilaren 1ean egindako bileran azaldu zuen erabakia irmoa dela: «Hau da, epe motzean erabateko trantsizioa egingo dela Makusi plataforman». Taldea egoeraz «kezkatuta» dago.Â
Haurrentzako marka propio baten beharra Â
Aldatu Gidoiaren arabera, EITBk ez du ez sakoneko zuzenketarik egin, ezta konpromiso argirik hartu ere. «EITBko zuzendaritzak abian jarritako neurria behin-behineko adabaki bat da, ez da nahikoa, eta ez du bermerik. Haurren marrazki bizidunak eta edukiak telebistaz emititzeko seinale berezitu bat sortu ordez, erabaki dute ETB1 On katearen seinalea lurreko telebista digitalerako bikoiztea». Interneten, izan ere, eskaintza jeneralista du kateak. «Hori, esanguratsua izateaz gain, ez da jasangarria denboran».
Analisi hori eginda, Aldatu Gidoiak aldarrikatu du telebista konbentzionalean «haur eta gaztetxoei beren-beregi zuzendutako seinale eta marka propio bat» behar dela EITBn. «Eta Makusi bada haurren erreferentziazko marka, marka horrek isla izan behar du telebista konbentzionalean ere».
Ikusle datuek adierazten dute telebista konbentzionalak oraindik adin tarte guztietan duela indarra. «Haren bukaera oso urruti dago», dio Aldatu Gidoiak. «Horrenbestez, ez zaigu onargarria iruditzen haurren eskaintzari dagokionez garrantzi esanguratsua duen arloa abandonatzeko asmoa izatea». Hortaz, taldeak proposatu du Makusi katea behar dela, 24 orduz eta zazpi egunez, haur eta gaztetxoentzat irekian euskaraz emitituko duen katea.Â

Era berean, Aldatu Gidoiak zera ohartarazi du: «EITBk telebista konbentzionaletik haurrei zuzendutako eskaintza ezabatzen badu, ez du beteko zerbitzu publiko gisa dagokion eginkizuna, hots, ez du bermatuko haur eta gaztetxoei zuzendutako ikus-entzunezko edukietarako sarbide unibertsala». Herritar taldearen aburuz, ohiko telebistan haurrentzako berariazko erdarazko kateak dauden bitartean, euskarazkoak ere hor egon behar du. «Iraganekoa baino zainduagoa eta erakargarriagoa, gainera».
30.000 sinaduraren legitimazioa
Euskara «minorizazio gorrian» dagoela salatu du herritar taldeak, eta euskararen biziberritzeak «inork eta ezerk baino gehiago» behar dituela baliabideak. «Euskalgintzako eragileok ezin dugu ontzat hartu haurren erreferentzia nagusietako bat hustea eta desegitea, are gutxiago inolako bermerik gabe».
EITBko zuzendaritzak ikusle datuak eta kontsumoa euskarazko eskaintza murrizteko erabiltzea ez zaio ez bidezkoa eta ez zilegi iruditzen Aldatu Gidoiari: «EITBren zerbitzu publikoak, orain arte, euskaldunon hizkuntza eskubideei dagokienez, defizit ukaezina izan du. Bada, epe motzean, telebista konbentzionaletik haurren eskaintza kenduz gero, defizit handiagoa izango du, ez baititu bermatuko haurren eskubideak».
Aldatu Gidoia herritar taldeak iragarri du datozen asteetan eragile euskaltzaleak biltzen ahaleginduko dela haurren berariazko katea berrezartzeko aldarrikapenaren bueltan. «Herritarrek argi adierazi dute haurrei zuzendutako euskarazko katea nahi dutela; beraz, 30.000 sinadurak ematen duten legitimazio eta indarrarekin, arduraz jokatzea dagokigu, eta aldarrikapen horri tinko eustea».