Algaraka umorezko bakarrizketen lehiaketa antolatu dute Bergarako (Gipuzkoa) Jardun euskara elkarteak, Goiena komunikazio taldeak eta Primeran plataformak. Lehen kanporaketa joan den astean egin zuten, eta gaur ikusi ahalko da Primeran plataforman zein Goiena telebistan, 22:00etan. Bergarako Seminarixoan egin zuten lehen saio hori, eta parte hartzaileak Xabin Fernandez, Mikel Iriarte Joxemiel, Asier Galarza eta Maider Triviño izan ziren. Aurkezle Miren Nogales aritu zen.
Primeran plataformaren arabera, Algaraka sortu dute «talentua bultzatzeko, euskarazko sortzaileak eta kultura sustatzeko, euskarazko ahozkotasuna areagotzeko, bakarrizketen zirkuitua Gipuzkoan eta Euskal Herrian zabaltzeko, eta kultura, umorea, gozamena eta irria euskaraz ahalbidetzeko».
Hurrengo kanporaketa bihar egingo dute, Urretxuko (Gipuzkoa) Labeaga aretoan, 20:00etan. Bakarrizketan arituko dira Joana Arakistain, Josu Arrizabalaga, Ion Martinez Txiki eta Gaizka Sarasua; bakarrizketari gonbidatua Iker Plazaola izango da. Hirugarren kanporaketa hilaren 24an egingo dute, Zumaiako (Gipuzkoa) Aita Mari aretoan; eta finala hilaren 31n izango da, Bergarako Seminarixoan. Saio horiek guztiak Primeran plataforman zein Goiena telebistan ikusi ahalko dira.