Alien-en unibertso zinematografikoan, orain arte, zazpi film nagusi egin dira; Predator-ekin eginiko crossover-ak kontuan hartuz gero, guztira bederatzi. Orain, zerrenda horri Alien: Earth gehitu behar zaio: telesail formatuan dator, eta 1979ko Alien filmeko gertaerak baino bi urte lehenago garatzen den prekuela bat da.
Sagaren jarraitzaile sutsuak ez bazarete, edota film guztiak ikusi ez badituzue, agian pentsatuko duzue telesaila ikusteak ez duela zentzurik, nahastuta sentituko zaretela, ez duzuela ezer ulertuko. Lasai: lehen filma ikusi baduzue —Ridley Scotten Alien (1979), alegia— nahikoa izango duzue. Are gehiago, Alien-en film bakar bat ikusi ez baduzue ere, telesaila arazorik gabe goza dezakezue.
Telesailak etorkizuneko Lur bat irudikatzen du, non korporazio teknologiko boteretsuek nagusitasuna duten; horien artean, Prodigy nabarmentzen da. Boy Kavalier, zuzendari nagusia, hilezkortasunarekin obsesionatuta dago eta esperimentu aurreratuen gidaria da, haur gaixoen kontzientziak gorputz sintetikoetara transferitzeko prozesuak burutzen ditu. Egoera are korapilatsuagoa bihurtzen da, Weyland-Yutani enpresaren estralurtar espazio-ontzi batek Lurra jotzen duenean
Istorioaren erdigunean Wendy dago, kontzientzia gorputz hibrido batera transferitzen zaion neska gaztea, Drama, beldurra eta zientzia-fikzioa modu zorrotzean uztartuz, telesailak identitatea, gizatasuna eta etika bezalako gai konplexuak esploratzen ditu. Atal guztiak harilkatzeko Peter Panen unibertsoaren alegoria oso interesgarria eta polita erabiltzen da.
Argazkilaritza zainduak eta efektu ikusgarriek telesailari nortasun propioa ematen diote, jatorrizko Alien unibertsoaren xarma eta atmosfera birsortuz. Giroa zapaltzailea eta klaustrofobikoa da, izu psikologikoaren funtsa mantenduz, eta efektu praktikoen eta CGIren arteko orekak sinesgarritasuna handitzen du. Oro har, girotze-lana zoragarria da, eta ikuslea esperientzia sakon eta errepikaezin batera eramaten du.
Ikusi aurretik susmatzen nuen gutxieneko kalitatea izango zuela; izan ere, telesailaren sortzaile nagusia Noah Hawley da, Fargo telesail zoragarriaren egilea. Eta ez, ez nengoen oker; espero ez nuena, ordea, sagako izenburu asko baino hobea den zerbaitekin topo egitea zen.