Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Amonaren lana

2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Zer esango zenuke zure amona pornoaren erregina dela jakitean? Galdera horri aurre egin behar diote Queen of the Deuce (Filmin) dokumentalaren protagonistetako batzuek. Zehazki, Chelly Wilsonen bilobak dira galdera erantzun behar dutenak. Amona pornoaren erregina gisa egin zen ezagun eta bilobek etxean denetik ikusi zuten.

Chelly Wilsonek Greziatik ihes egin zuen Bigarren Mundu Gerra hasi zenean. Bere familia judua zen eta Tesalonika hirian bizi zen Grezian. Naziek hiria hartu baino lehenago ihes egin zuen handik, eta New Yorkera iritsi zen. AEBetako hiri jendetsuenera heldu zenean, bizitzan aurrera egiteko negozio desberdinak aurkitu zituen. Negozio horien artean, pornoa zegoen. Film horiek egiten zituzten pertsonak ezagutu zituen, eta bere negozioa film horiek ikusteko zine aretoak izan ziren.

1960ko eta 1980ko hamarkaden artean, New Yorkeko 42. kalearen inguruan prostituzioa eta pornografia zeuden, eta zona horri The Deuce deitzen zioten. Bertan ireki zituen Chelly Wilsonek bere zine aretoak. Mota desberdinetako pornografia ikusteko aukera zegoen, eta horrek eragin zuen bere aretoen arrakasta handia. Irabazten zuen diruarekin familia aurrera ateratzeko aukera izan zuen, eta bere bizitza berak nahi izan zuen bezala bideratu zuen. Gizon batekin ezkondua bazegoen ere, emakume bat maite zuen, eta harekin harreman luze bat izan zuen. Wilsonek alaba bat izan zuen Greziatik ihes egin baino lehenago, eta, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, alaba ere New Yorkera eraman zuen.

Dokumental honen bitartez, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz New Yorkera iritsi zen migrazioaren istorio berezi bat ikusteko aukera dugu. Chelly Wilson errepresio guztien aurka zegoen, AEBetan aurkitu zuen askatasuna bere ideologiaren parte zen, eta jende guztiarekin erabiltzen zuen. Wilsonek sexu iraultza ezagutu zuen New Yorken, eta dokumental hau garai hartako bizipenak ezagutzeko aukera paregabea da.

Chelly Wilsonen bilobentzat beren amonaren bizitza ez da arrunta, baina argi dute haren ondoan egon izana gauza oso berezia izan zela. Amonaren istorio bitxiak kontatzea oso dibertigarria dela badakite, baina amonaren bizitzan sufrimendu handia egon zela ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.