Ikasturte berria hasi da Bergarako Txapa irratian ere, eta horrekin batera uhinetara itzuli da Antzerki etxea etabar saioa. Hasi berri dena seigarren denboraldia da, eta 2022an jaio zenetik izandako 72 ataletatik Euskal Herriko eszenako izen ezagunak eta ez hain entzutetsuak pasatu dira beren estudioetatik: antzezleak, zuzendariak, antzerki-irakasleak, drama-idazleak. Amaia, Javi eta Pedro dira etxe horretako anfitrioiak, eta beren helburua entzuleen eta antzokien arteko zubiak eraikitzea da.
Azken emanaldian, Bergaran asteburu honetan ospatuko duten Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen XVII. Mostra ekarri dute protagonista batzuen ahotsetan, Zurrunka Teatroko Eñaut Gorbearekin eta CompañĂa Javi Arandarekin izandako solasaldietan. Elkarrizketek tarte handia izan ohi dute irratsaioan, solaskidearen hizkuntzari moldatu edo dauden oholtzara hurbildu behar badira ere.Â
Agendan herriko eta eskualdeko antzezpen eta ikuskizunek lekua handia dute, baina gertuko mugetatik kanpo gertatzen direnek ere, bereziki bergararrak tartean badaude. Udazkeneko lehenengo emankizunean, Bilboko Pabellon 6 aretoan eman duten Pelotazo antzezlanaren soinua ekarri dute. Ez da egon, ordea, Ozkar Galan dramaturgo, irakasle eta aditua, saioko kolaboratzaile finkoa. Ozkarren Txokoa izeneko tartetik informazio interesgarriak, pertsonaia bitxiak edota anekdotak azaltzen ditu.
Harribitxia da saio hori, eta ez soilik egileek euskal eszena ongi ezagutzen dutela agerian dagoelako, edota eskenatokietan zehar antzezten diren lanetan bergararrak aurkitzen dituztelako, baizik eta urte hauetan beren mikrofonoetatik eszenako izen esanguratsuak ere pasatu direlako. Ez da erraza tokikotasunetik halako hitzorduak lortzea, eta horretarako ofizio eta afizio behar dira; saio-egileek sobran dutena. Internetek, bere aldetik, zabaltzen laguntzen du, irratiko zein Arrosako webguneetatik entzun baitaiteke.Â
Irratia bada, dudarik gabe, antzerkiarekiko zaletasuna kutsatzeko tresna egokia, eta biek osagai asko partekatzen dituzte, gidoia edo eskaleta baten beharra eta ahotsaren presentzia eszenikoa, besteak beste. Asko dira, bestalde, irratirako idatzi duten antzerki egileak, gero eta gehiago antzokietan grabatzen diren saioak edo funtzioaren ohola eta mikrofonoa partekatzen dituzten aktoreak.Â