benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Automobilen alde

2025eko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sekula ez dut gidatzea gustukoa izan. Ahal dela, saihestu egiten dut autoaren erabilera. Lanera autobusez noa. Ez da kontzientzia ekologikorik hautu horren atzean. Erosoagoa zait beste norbaitek gidatzea. Aukera ematen dit telesailen bat ikusteko edo eguna antolatzen hasteko. Aberatsak balira, batzuek urruneko hondartzetan pasatuko lukete bizitza. Nik txoferra kontratatuko nuke, edo automobil autonomoa erosi.

Automozioaren etimologiari begiratzen badiogu auto hitza dugu aurrean, grezieraz norbera esan nahi du. Mozio hitza motio hitzetik dator, hau da, mugitzeko efektua. Beraz, automozioa litzateke bere kabuzko mugimendua duena. Automozioaren historian, pertsonak garraiatzeko gai zen lehen lurrunezko automobila Nicolas-Joseph Cugnotek eraiki zuen, 1769an. Baina iraultza 1908. urtean gertatu zen, Ford Motor Company enpresak Ford T eredua garatu eta prezio nahiko apalean saltzean. Hor hasi zen herri xehearen zati bat autoak erabiltzen, azkar mugitzeko pribilegioaz baliatzen.

XX. mendetik autoek gure kaleak okupatu dituzte, lehentasuna izan dira, eta herri eta hirien eredua baldintzatu dute. Gaur egun, mundu mailako CO2 isurien %10en erantzule dira autoak eta furgonetak. Ezin dugu ahaztu barne errekuntzako motorrek osasunerako kaltegarriak diren beste gas eta partikula batzuk ere isurtzen dituztela. Hori dela eta, azken urteotan, autoak hirietatik kanporatzeko ahaleginak biderkatzen ari dira han eta hemen.

Automozioan ere izan dira bestelako hobekuntzak. 2015etik, Europako legediaren arabera, erabileraz kanpoko ibilgailu baten masa osoaren %95 birziklatu behar da. Bestetik, 1990eko hamarkadaren hasierako auto batekin alderatuta, egungo Euro 6d ibilgailu batek %98 nitrogeno oxido eta partikula gutxiago isurtzen ditu. Bada aldea!

Baina Euskal Herrian bada fenomeno bitxi bat. Azken urteotan, erreportajeak eta telebista saioak argitaratu dira furgonetak eta autokarabanak goraipatuz. Eta txikiagoak diren automobilak, zer? Badirudi horien inguruko abantailez hitz egitea ez dagoela modan. Rallyen jarraitzaileak eta autoak tuneatzen dituztenak izan dira autoen defendatzaile ia bakarrak. Izan bedi gaurko zutabea automobilen aldeko aldarria. Norbera kopilotu joateko bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.