Iritsi da Netflixera The Gentlemen telesailaren bigarren denboraldia, handikeriaz kutsatutako denboraldi kaltetu bat. Haren egilea, Guy Ritchie, Snatch, Lock, Stock and Two Smoking Barrels edo RocknRolla bezalako lanengatik ezagutuko duzu. Erresuma Batuko kutsua sekula galtzen ez duten thriller umoristikoak, alegia.
Ritchiek bere azken filmetako baten izen bera hartu, eta premisa bereko telesaila sortu zuen 2024an: The Gentlemen. Bi denboraldiko lanak Eddie Horniman (Theo James) aristokrata ingelesaren istorioa kontatzen du.
Aita hil ondoren, Eddiek familiaren etxaldea jasoko du oinordetzan, eta harekin batera, ezusteko negozio bat. Jabetzaren azpian ezkutatutako kalamu landaketa erraldoia; Susie Glassek (Kaya Scodelario) zuzendutako mafiaren esku dago hori. Hasieran familia mundu kriminal horretatik atera nahi badu ere, gangsterren munduak liluratu egingo du. Bigarren denboraldian, negozioa Italiara eramango du, eta, harekin batera, botere-nahia eta arriskua ere areagotu egingo dira.
Irrealismoz eta artifizialtasunez beteriko telesaila da, askotan sinesgaitza. Netflixen estiloan, dena muturrera eramaten du, haur bat txunditu nahiko balu bezala: gehiago, handiagoa, garestiagoa. Bigarren denboraldi honetan, gainera, bereziki eman dit arreta erabiltzen den hizkuntzak. Adibidez, Marco Moretti mafioso italiarrak Eddieri barrabilak ingelesez nola esaten diren galdetzen dionean. Balls. Bai, balls gehiegi. Inongo zentzurik gabe txertatutako sekuentzia bat, testuingururik gabea eta lekuz kanpokoa.
Estetika zaindua eta bizimodu erakargarriak dituzten atal zinematografiko horien atzean, ordea, bada aspertu nauen zerbait. Ez dut sinetsi.
Netflixen beherakadaren sintoma izan daiteke? Baliteke. Badirudi dena handiagoa, distiratsuagoa eta garestiagoa eginda ikuslea pantailari itsatsita mantenduko duela. Baina gehiegikeriak kontrako efektua ere izan dezake. Edo, besterik gabe, jendeak ahaztu egiten ditu plataformaren eskaintzak, dena azkar, asko eta neurririk gabe kontsumitzera bultzatzen gaituen katalogo amaigabe horretan.
The Gentlemen-en bigarren denboraldia horren adibide ona da. Lehen denboraldiak 12,2 milioi ikustaldi lortu zituen estreinatu eta lehen lau egunetan. Arrakastaren ondorioz, Netflixek hirugarren denboraldia ere baieztatu zuen. Bigarrenak, ordea, 6,7 milioi ikusle bildu ditu lehen egunetan. Ia erdia. Kasualitatea izango ote da?
Â