Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Barakan euskaraz

2026ko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beharbada bere euskara ez dela Ondarroan edo beste herri euskaldunetan hitz egiten den bezain zuzena, batzuetan euskañolez egiten duela, baina Barakaldon ere euskaraz egiten duela aldarrikatzen du Danik mikroaren aurrean Biriki podcastaren lehenengo denboraldiko laugarren atalean. Aitzinean Ezkerraldean euskaraz egiten zela, baina duela hamarkada batzuk hizkuntzak atzera egin zuela Euskal Herritik kanpoko langile, «errefuxiatu» askoren etorrerarekin. Eta mahaiaren inguruan dauden lau solaskideak horren proba dira, barakaldarrak eta euskaldunak.

Gazteek egindako eta gazteei zuzenduriko bideopodcast honen bigarren denboraldian murgilduta daude Aitzol, Eva, Naiara, Iraide, Dani, Javi… 2025eko martxoan erantzun zioten 16-29 urte bitartekoei zuzendutako podcast bat egiteko deialdiari. «Euskaraz hitz egitea gustuko baduzu, solasaldi, elkarrizketa eta gazteentzako intereseko gaien inguruan aritzeko gogoz bazaude, hau da zure aukera!» iragarpenarekin Zelako Kultur Ideak kooperatibak eta haren Dana sorguneak talentu euskaldunak bilatu zituzten, baita topatu ere. Hau ez da bultzatzen duten podcast bakarra, Enkarterrin Astoa sortu baitzuten, bertako gazteen eskutik hura ere.

Euskaraz egitearena berez azpimarratzeko meritua bada ere, beste ezaugarri bi nabarmentzen ditut; alde batetik, hanka bat estudioan eta beste bat plazan izatearena. Mahai baten inguruko solasaldiaz gainera, kaleko elkarrizketek pisu handia dute saioan, horretarako, zenbaitetan beste hizkuntzetara —gaztelania normalean— jo behar badute ere. Beste aldetik, ukitzen diren gaiak gazteen intereskoak izanda, agerian uzten dute gizarte kezkak bereak ere badirela. Bestalde, Barakaldoko bazterrak, elkarteak eta kultur ekitaldiak ezagutzera ematen dituzte.

Ezkerraldeko lagun euskaldun bat behin baino gehiagotan kexatu zait Euskal Herriko beste leku batzuetan, irudi estereotipatu bati erantzunez, harriduraz euskaraz ze ondo egiten duen esaten diotelako. Agian bada ordua euskararen periferiatik mintzo diren ahots gehiago entzuteko, halakorik ez gertatzeko. Horretan ari dira gazte hauek, baita sare sozialetatik ere, entzuleak beren adinkideen artean arrantzatzen dituztela agerian utziz. Orain podcast kideen bila dabiltza; baldintza bakarra: gaztea eta euskalduna izatea. Barakaldokoa, noski!!!

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA