Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Barre eragileak

2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Emakumeek barre eragiteko dugun gaitasuna askotan zalantzan jarri da. Aurreko urtean Madrilgo Chocita del Loro-ko buruek emakumeek komedia egiteko maila baxua zutela adierazi zuten, eta horren ondorioz, komedian lan egiten duten emakume askok bere ahotsa aldarrikatu zuten. Espainian gehien entzuten diren podcastak emakumeek egindako umorezko saioak dira. Deforme Semanal-eko Isa Calderon eta Lucia Lijtmaerrek ez zuten horren inguruan hitz egin, eta ez da harritzekoa, haien lanarekin erantzuten dutelako astero. Zuzenean egingo dituzten saioen ia sarrera guztiak salduta dituzte, eta bi astero haien podcasta argitaratzen denean entzunena izaten da.

Emakumeen arrakasta komedia arloan nabarmena da gaur egun, baina egoera honetara iristeko, emakume askok bidea egin behar izan dute lehenago. Gogoan dut El club de la comedia saioaren hasieran emakume oso gutxi zeudela. Nerabea nintzen, eta feminismoaren inguruan gutxi banekien ere, argi nuen Leo Harlem bezalako komedianteek egindako txisteek ez zidatela barrea eragiten. Aldiz, Eva Hache eszenalekuan agertzen zenean bere bakarrizketa entzuteko irrikitan egoten nintzen.

Emakumeek komedia egiteko zailtasunez hitz egiten du Hacks (HBO Max) telesailak. Bertan gidoigintzan bere lekua egin nahi duen Ava Daniels gaztea ikusiko dugu. Txio batzuen ondorioz Avaren etorkizuna kolokan geratuko da. Egoera horrengatik Los Angeles utzi beharko du, eta lan berri bat izango du Las Vegasen. Bertan, Debora Vance komediante ezagunaren laguntzailea izango da. Komediaren bi generazio desberdinen talka ikusiko dugu haien artean. Haien erlazioa nahiko zaila izango da hasieran, baina pixkanaka elkarguneak aurkituko dituzte.

Egungo komediagileak feminismoan murgilduak daude, eta gidoiak idazterakoan oso presente dute. Aldiz, Debora Vance bezalako emakumeek feminismoa eszenatokiaren gainean sortu dute, teoria jakin gabe. Komedia gizonen mundu itxia zenean hasi ziren emakume horiek, eta gizonen begirada txarrak eta entzun nahi ez zituzten hitzak jasan ostean, eszenatokian beren lekua lortu zuten. Hacks telesailak aitzindari izan ziren emakumeei egiten die omenaldi, eta emakumeen ahotsen aldarrikapena da. Barreak generorik ez duela argi uzten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.