Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Berrestreinaldia

2026ko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzaren lehenengo astean, Guau plataformak musikazaleentzako saio berri bat aurkeztu zuen: Sona. Beste batzuetan egiten dudan bezala, horren berri izan bezain pronto, entzutekoen zerrendan apuntatu nuen. Aste honetan, eguraldiak hondartzara joatera gonbidatzen gintuela, berreskuratu nahi izan dut, baita Gure Irratiak emititzen duen Labetik saioa ere, hareatza beti lotzen baitut musika-saio eta liburuekin. Biak sartzen baititut kapazuan, eguzki-krema eta ur freskoarekin batera.

Hori zen asmoa, baina nabigatzailean Sona bilatzean, ikusi dut ez dela hain berria, eta dagoeneko bi denboraldi daudela Goienaren webgunean. Jokin Bereziartuak gidatzen duen saioaren formatua funtsean ez da aldatu EITBk iragarritako hirugarren denboraldi honetan. Eszenatoki berrituan, eta logoa zertxobait moldatuta, aurreko hamahiruetan bezala, elkarrizketa eta zuzeneko aktuazioak uztartzen dira berrogei minutu inguruko atal bakoitzean, eta esango nuke gonbidatutako abeslari eta taldeen eremu geografikoa zabaldu dela, Debagoieneko herrietatik atera eta urrunagoko musikari bila joan direla. Musikazaleentzako saio berezia, dudarik gabe, eta ziur nago abenduan Durangoko Azokan agur esan zuenean umezurtz geratu zirenek poz handiz hartu dutela hasiera berri hau.

Beste musikazale batek, Fred Berruet-ek, gidatzen du Labetik podcasta, non euskal musikarien lanak ezagutzeko aukera ematen duen. Iragartzen duenez, euskal rock, pop eta rap kantu batzuk proposatzen ditu hilero. Azken estiloaren harira, gogoeta txiki bat egin nahiko nuke; susmoa dut Ipar Euskal Herriko irratietan hegoaldekoetan baino gehiago programatu ohi den musika mota dela, baita jarraitzaile kopuru handiagoa duela ere. Aurrekoa bezala, estilo pertsonaleko saioa da, baina kasu honetan formatu klasikoagoa topatzen dugu, non esatariak egindako hautaketa musikalaren ibilbidean zehar gidatzen gaituen. Kaskoak jarri eta eraman gaitzan guztiz gomendagarria.

Donostian estreinaldia bada ere, Madrilen dagoeneko egin den Podcast Geltokia jaialdia hurrengo astean izango da zutabe honen mintzagai. Horretan, beste podcasten artean, Sona aukeratu dute zuzeneko emanaldien atalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE