Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Betaurreko berriak

2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Hamar oftalmologotik bederatzik eguzkitako betaurreko merkeak erosteko aholkatu didate. Eta ez da soilik garestiak ordaintzeko lanak nituzkeelako. Galdu egiten ditut, bata bestearen atzetik: terrazaren batean ahaztuta, piragua saio batean uretara erorita, nahi gabe zapalduta, eta beste askotan, noiz eta nola gertatu den jakiterik gabe. Bost eurokoekin konformatzen naiz, hortaz. Erosi izan ditut, uda eguzkitsuenetan, dozena erdi bat edo gehiago. Denak ere desberdinak, egunaren arabera: Bad Bunnygarriak, klasikoak, kristal berdedunak, borobilak, leopardozko armazoia dutenak. Lagun ekologistenek, arrazoi osoz eta haien parafinazko betaurreko garestien babesean, mespretxuz begiratzen naute.

Antzera aritu naiz, pantaila askotarikoei begira, hemen. Orain euskaltzale kezkatuaren antiojoak soinean; orain langileen prekaritatea salatzen duen bozgorailua izateko pronto; orain seriezale sasi-adituaren pastazko betaurrekoekin; orain ikus-entzunezko kooperatiba bateko bazkidearen eserleku goxotik; lagunei edo hasiberriei bultzada eman nahi dienaren begirada barkaberetik gero. Guapo agertu nahian batzuetan, begi zuloak estaltzeko asmo soilarekin behar baino maizago. Aldaera horietako baten batekin ados egongo zinen inoiz. Probabilitatea esaten zaio.

Itzuleren garaia da orain. Itzuli zen Mihiluze, itzuli da Grand Prix, itzuliko da Harry Potter. Itzuli da Hertzainak, Twin Peaks, OperaciĆ³n Triunfo, Futurama, Joseba Sarrionandia eta mila gehiago. Baina nago, itzultzen direnen eta joaten ez garenon artean, apenas uzten dugula tokirik ikuspegi berriagoek bidea egiteko. Ez al da aitzakia ederra agur bat eskuzabaltasunez mozorrotzeko? Txoko eder hau uztera noa, beraz, nekatuta baina eskertuta. Eta batez ere, Primeran plataformari (eta beste guztiari) zutabe honetatik helduko diotenen begirada ezagutzeko gogoz.

Ikus-entzunezkoen eremuan jokoan dauden bataila txiki eta ez hain txiki guztiek kitzikatzen bazaituzte; ari bazara eremu horretan lanean (ziur naiz, nahi baino prekarioago); edo oihartzuna uzten duten filmen eta telesailen zalea bazara; topatuko dugu elkar, han edo hemen. Eta bestela ere bai: farmazian, supermerkatuan edo kale-saltzaile artean; soka baten bila, betaurreko egokiak lepora lotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.