Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Bisitari gorria

2026ko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilekoa izendatzeko eufemismo asko erabili ohi dira: osaba etorri, Txanogorritxu bisitan egon… Horretaz gainera, ikasi genuen menstruatu bitartean hobe zela maionesa ez egitea edo landareak ez ukitzea, lehenengoa galdu eta bigarrenak ihartzen baitziren. Beste mito faltsu, beldur eta tabu ugari lotu dira menstruazioarekin, eta horrek eraman ditu emakume asko lotsaz bizitzera, ezkutuan, isilpean. Susmoa dut oraindik horietako asko ez direla gainditu, eta, horregatik, oso ustekabe ona izan da horretaz guztiaz hitz egiten duen Antxeta irratiko Prekaritate menstruala podcasta topatzea.

Lizar Elexpuruk gidatu ditu bigarren denboraldiko sei atal, non Ara Gorputz kooperatibako Ione Fernandezek eta Enara Iruretagoienak menstruazioarekin loturiko hainbat gaiez hitz egiten duten, betiere ikuspegi ekofeminista eta dekolonial batetik. Izenburuak berak agerian uzten du hilekoa eta prekaritatea batera doazela arlo askotan: konpresak, tanpoiak eta higiene femeninoko produktuen garestitzea, lan erreproduktiboen gutxiestea, emakume batzuek pairaturiko osasun arazo eta minak ukatzea… Eta bereziki interesgarria iruditu zait emakumeen gorputzen kolonizatzearen inguruko gogoeta, izendapenetik hasita, baita umetokian eragiten duten hainbat faktoreri aurre egiteko beharra ere, igerian erlaxatzeko bidean.

Saioak bi denboraldi bete ditu. Lehenengoan, osasun, hezkuntza edota sexologia arloko zenbait aditu eta aritu pasatu ziren mikrofonoetatik; horien artean, Ara Gorputzeko kideak. Esperientzia horretatik abiatuta beste urrats bat egin, eta 2026an bideopodcast bihurtu zuten saioa. Hizkuntza ulerterrazaren bidez, bizitzaren zikloekin lotura zuzena duten hainbat aspektu garatzen dituzte hogei minutuz. Elkarrizketa guztiak Antxetan entzungai daude.

Lerro hauetan behin baino gehiagotan azaldu dudanez, euskarazko podcasten unibertsoa oparoa da eta nitxo askorentzako edukiak daude, eta beste hedabideetan topatzen ez ditugun edukiak tratatzen dira. Izan ere, ez da topatu dudan podcast bakarra; menstruazioaz feminismotik mintzo ziren Loregorriko kideak ere Oiartzun Irratiko Arguyuan magazinaren barruan, Ziklizitatea gorpuzten tartean, eta argitara ekartzen zuten emakume askoren osasunean, kirol jardueran eta ekonomian izandako eragina.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA