Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

'Comedy special'

2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Telebistari hitz segida luzeak eskaintzen dizkiogu hemen. Baina ez gaitzen engaina: zenbait gauza zuzenean gozatu beharrekoak dira. Kontzertuek—baita ETBko mariatxiek ere— beste esanahi bat hartzen dute garagardoa eskuan eta oholtza bat parean izanez gero. Zer esanik ez otordu oparoek. Kate gehientsuenek ekin diote saio gastronomikoak bata bestearen atzetik ekoizteari; baina ba al da plater itxura ederrekoa begien aurrean izan eta ezin dastatzea baino zigor ankerragorik? Gutxi. Stand-up komedia edo umoreko bakarrizketei dagokienez, auzia ez dago horren argi. Txisteak hobeto sartzen dira aretoan edo tabernan bertan egonez gero, baina Paramount Comedy eta El club de la comedia-ren gisako formatuen arrakastak aspaldi frogatu zigun hegoaldekooi badagoela pantailara zer eramana.

Milurteko berriaren hasierarekin izan zen hori. Hogei urteotan euri asko egin du, baina stand-up-ak jakin du, nola edo hala, erakusleiho berrietara egokitzen. Netlfix eta HBO bakarrizketaren kontzeptua modu sakon eta iradokitzailean zukutzen jakin duten umoristen saioez josita daude: estereotipoetatik harago joanda, eta maiz, eskandaluaren mugan. Ordubete inguruko bakarrizketak dira, zuzeneko saioetan grabatutako irudiekin osatuak, eta balio dutenak, gehienetan, oholtzaz oholtza egindako ibilbide luzeari amaiera emateko. Tartean dira Louis CK, Ricky Gervais, Sarah Silverman, Ali Wong eta beste asko. Formatuari comedy special esaten diote ingelesez. Oraindik ez dugu euskarazko itzulpen balekorik; ez baita, nik dakidala, bakar bat ere argitaratu.

Filmin da oholtzako umorearen joera hori besarkatu duten plataformetan azkena. Filmin Comedy atala jarri dute martxan, eta uztailaren 14an umorezko bi show plazaratu dituzte hartan: Valeria Rosen Matrioska eta Magi Garciaren Mitic. Azken hau katalanezkoa da; hizkuntza horretan egindakoen artean, grabatu eta zabaldu den lehen espeziala. Hilero eduki berriz hornituko omen du sekzioa Filminek. Ez dirudi toki txarra euskarazko edukientzat ere. Barre librea da euskaraz antzeko kategorian sar daitekeen saio bakarra, baina publikorik gabekoa zen. Tolosaldetik iritsiko omen da laster nazioarteko espezial horiek inspirazio iturri dituen ale bat. Ea comedy special ordezkatzeko izen onargarri bat oparitzen digun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.