gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

'Dastattoo'

2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

ETB1eko Sukaldarien liga estreinatu berritan, zera idatzi nuen Ekografiak zutabean: «ETB1ek gainerako eduki motekin sortu duten basamortua kontuan izanik, beharrezkoa al da sukaldaritzarekin loturiko hainbeste saio ekoiztea?». Bada, hiru hilabete pasatu ez diren honetan, iragan astean Dastattoo izeneko saioa estreinatu zuten: sukaldaritzaren eta tatuajeen munduak elkartzen dituena. Hori bai, oraingoan Primeran plataforman izan da; beraz, EITB marka albo batera uztea erabaki dute. Hori horrela, saioa ikustera animatu naiz, premisak badu-eta ikuspuntu berritzaile bat; erakargarria iruditzen zait tatuajeak eta gastronomia uztartzea. Sukaldaritza ikaragarri gustuko dut, eta tatuajeena ere deskubritzen ari naizen mundua da; berriki bat egin dut besoan. Tatuatzaile profesionala den Maialen Caballero Mai dasaioko gidari eta protagonista nagusia. Zortzi ataletan zehar goi mailako zortzi jatetxe bisitatuko ditu, bertako sukaldariekin truke berezi bat egiteko asmoz: plater bat dastatzearen truke, azalean tatuaje bat egingo die. Bizkaitik Julen Baz (Garena jatetxea), Uxue Landa (Ardibeltza jatetxea), Iker Perez Sarasketa (Mendigoikoabekoa jatetxea) eta Sergio Ortiz de Zarate (Zarate jatetxea). Gipuzkoatik Xabier Zabala (Kirkilla Enea jatetxea), Ane Lore Lasa (R jatetxea) eta Ido Garcia (Garraxi taberna). Eta Nafarroatik Iñigo Sarobe (Sarobe okindegia). Aukeraketa polita egin duten arren, lurraldetasunari begira Ipar Euskal Herriko eta Arabako ordezkarien falta sumatu dut.

Begira Produkzioak-ek ekoiztutako programa dela jakin dudan unetik, itxura landua espero nuen. Kalitate bermetzat hartzen dut beti ekoiztetxe honen lana eta, espero nuen moduan, hemen ere halaxe izan da. Alor teknikoa aparta iruditu zait. Dinamikoa, txukuna eta ikuserraza da, oso gustura ikusi dut saioa. Bi mundu horien batuketa sotila eta orekatua iruditu zait. Gainera, era honetako saioetan gutxitan eskaintzen zaio tartea sukaldaritza beganoari, eta Donostiako Garraxi jatetxe begetarianoaren atala keinu polita irudi zait. Deskubrimendurik handiena Maialen Caballero izan da: oso naturala iruditu zait eta freskotasun handia ematen dio saioari. Sukaldaritza saioek gainezka egiten duten garaiotan, eskertu dut zerbait desberdina eta freskoa eskaintzen duen bat topatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.