urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Datuak izan, erabakiak hartzeko

2025eko abenduaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean agerraldia egin zuten asteazkenean EHUko NOR ikerketa taldeko ordezkariek. Bi partetan mintzatu ziren: lehenbizi, Bea Narbaiza eta Jone Hernandez gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoaz aritu ziren, bereziki sare sozialetan jarriz arreta. Ondotik, Netflix eta tankerako streaming plataformetan hizkuntza gutxituek duten presentziaz aritu zen Josu Amezaga. 

Interes handikoak izan ziren EHUko ikerlarien hitzartzeak; aintzat hartzekoak emandako datuak. Oinarri sendoa dira datuak, alderdi politikoek eta erakundeek horren arabera joka dezaten. 

Nor taldeko Bea Narbaiza eta Jone Hernandez ikerlariak, legebiltzarrean
NOR ikerketa taldeko Bea Narbaiza eta Jone Hernandez, asteazkenean, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ikusiker behategian lanean ari dira 2018tik NOR ikerketa taldekoak, eta Narbaizak azaldu zuen gazteen kontsumoa aztertzen dutela, «gazteak direlako aldaketaren motorra, eta gaitasuna dutelako beste adin tarte batzuetako jendea beren kontsumo ohituretara arrastatzeko». Ikusikerren 2024-2025eko txosten orokorra osatzeko, Hego Euskal Herriko unibertsitateko eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei Interneten, plataformetan eta sare sozialetan ikusi duten azken edukiaren inguruan galdetu diete, eta aztertu dute ikusitako azken edukien artean zein aipatu duten gehien, zein plataformatan ikusi dituzten eta zein hizkuntzatan ikusi dituzten. Bi dira gehien aipatu dituzten plataformak: Youtube ―%28,4 unibertsitatean eta %27,4 BHn― eta Instagram ―%33,3 unibertsitatean eta %24,5 BHn―. Gehien aipatu dituztenetan hirugarrena Tiktok da, eta adin txikikoen artean lortu ditu aipamen gehien. Azken hori asko zabaldu da.

Jone Hernandezek azaldu zuenez, datuek erakusten dute sare sozialen erabilera orokorra egiten dutela gazteek, eta, aldiz, era mugatuagoan erabiltzen dituztela telebista tradizionala eta ordainpeko kate eta zerbitzuak. «Analisi partzialik egiterik ez da komeni. Dena daukate, eta dena erabiltzen dute. Izan telebista, streaming bidezko plataformek eskaintzen dituzten edukiak, Youtube, Spotify... Ia-ia dena, digitalki».

Jone Hernandez eta Bea Narbaiza Nor taldeko ikerlariak, legebiltzarrean
Jone Hernandez eta Bea Narbaiza NOR taldeko ikerlariak, talde politikoetako ordezkariekin batera, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Talde politikoen hitzen txandan, EAJko legebiltzarkide Garikoitz Mendizabalek honako hau adierazi zuen: «Sortzaile eta influencer euskaldunak behar ditugu sareetan». Ez dago jakiterik, ba, nora begira ari diren Eusko Jaurlaritza, EAJ eta PSE-EE.  

Ikus-entzunezkoen kontseilu baten beharra

Netflix, Amazon Prime Video eta tankerako streaming plataformen inguruan mintzatu zen bereziki Amezaga, eta esan zuen Ameriketako Estatu Batuetan plataforma horiek aurrea hartu dietela telebista konbentzionalei. Amezagak berak NOR taldeak egindako ikerketa bat aurkeztu zuen iazko otsailean Europako Parlamentuan. Amazon Prime Video, Netflix eta Disney Plus plataformetan euskarak, katalanak, galegoak, galesak eta luxenburgerak duten presentzia aztertu zuten, eta honako hau ohartarazi du Amezagak: «Egoteak ez du esan nahi posizio onean egotea. Ingelesa da nagusi plataforma guztietan». 

Asteazken gauean, Tribuaren berbak saioa itzuli zen ETB1era, eta han entzun ahal izan zen munduan 7.100 hizkuntza baino gehiago daudela. Portzierto, datuak ematen trebeak dira Kike Amonarrizen eta Izaro Arrutiren saioan: modu erakargarrian ematen dituzte. Tira, ba, Amezagak egun hartan bertan aipatu zuen streaming plataformetan soilik 80 hizkuntzatan daudela edukiak. «Ez da kasualitatea horien artean galegoa, euskara eta katalana egotea. Koofizialtasuna dago hor, ekinaldi politikoa dago, eta herri mugimenduak atzetik. Politikak balio dezake gauzak beste modu batean egiteko». Bada, edonola ere, beste datu kezkagarri bat legebiltzarrean eman ez zutena: EITB taldearen Primeran plataformako lan asko ezin dira ikusi Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Muga politikoek mugatu egiten dute, nahi baino gehiago. Netflixen euskarazko audioa edo azpidatziak dituzten lan batzuekin ere gertatzen da hori.

Kike Amonarriz Gorria eta Izaro Arruti Agirreurreta 'Tribuaren berbak' saioko aurkezleak. ETB
Kike Amonarriz Gorria eta Izaro Arruti Agirreurreta 'Tribuaren berbak' saioko aurkezleak. ETB

Amezagak eskaera zehatza egin zion Eusko Legebiltzarrari: gutun bat bidaltzeko Europako Batasunari, Europako behategiak aintzat har ditzan hizkuntzak datu bilketak eta ikerketak egiten dituenean —egun ez du halakorik egiten—.

Halaber, EHUko irakasleak nabarmendu zuen ikus-entzunezkoen kontseilu bat beharko litzatekeela. «Nafarroak ere izan zuen. Kataluniak badu. Eta lehen ere beharrezkoa bazen, orain ere beharrezkoa da». EH Bilduko legebiltzarkide Aztiriak ere proposatu zuen kontseilu bat sortzea: «Gaur egun, inoiz baino garrantzitsuagoa izan daiteke». EAJko eta PSE-EEko ordezkariek ez zuten proposamenaren gaineko iritzirik eman. Bada ba garaia Eusko Legebiltzarrean kontseilu horren sorrerari buruzko eztabaida sosegatua egiteko. Baita Nafarroako Parlamentuan ere. Denek aitortzen baitiote ikus-entzunezkoen gaiari sekulako garrantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.