benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Denbora da luxu bakarra

2025eko abenduaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jakina da adimen artifizial sortzailearen esparruko enpresa erraldoiek sareko sorkuntza oro —testuak, irudiak, bideoak zein musika— erabiltzen dutela beren ereduak entrenatzeko. Egoera horren aurrean, egile-eskubideen jabeek hiru bide dituzte: bere horretan jarraitu, auzitara jo, edo AA enpresekin aliatu. Eta, azkenaldian, jabetza intelektuala duten talde handi andana azken aukeraren alde egiten ari dira.

Abenduaren 11n OpenAIk eta Disneyk itxitako akordioa da horren erakusgarri. Disneyk 1.000 milioi dolar inbertitu ditu OpenAIn. Trukean, Disney OpenAIren bezero nagusia bihurtuko da; Disneyko langileek, esaterako, barne prozesuak automatizatzeko erabili ahal izango dute ChatGPT. Baina itunaren muina beste bat da: OpenAIk Disneyren aktiboak erabiltzeko baimena eskuratu du bideoak sortzen dituen Sora izeneko tresnan. Beraz, ez harritu zure koinatuak Sora adimen artifizialarekin sortutako bideoetan Mickey Mouse, Elsa edo Iron Man agertzen badira.

Disney ez da bakarra, ordea. News Corp taldeak (Wall Street Journal, The Times) 250 milioi dolarretik gorako tratua egin du OpenAIrekin, egunkari horien edukiak OpenAIren ereduak entrenatzeko erabiltzeko. Universal Music Group ere lanean ari da Googlerekin, artisten ahotsak legez eta ordainduta erabiltzeko. Bestetik, Meta enpresak hedabide handiekin (Reuters, Le Monde, CNN) hitzarmenak sinatu ditu bere txatbotetan informazio fidagarria txertatu eta haluzinazioak murrizteko.

Hala ere, badira bide judiziala aukeratu dutenak ere. The New York Times-ek eta idazle talde handiek (George R.R. Martin, John Grisham) auzitara eraman dute OpenAI enpresa, baimenik gabeko erabilera leporatuta. Baliteke epaiak argitaratu aurretik enpresen arteko akordioren batera iristea; azken batean, diru kontuez ari gara soilik.

Baina epaitegietan gertatzen denaren gainetik, etorkizunak badakar aldaketa sorkuntzan. AAk edukien ekoizpen masiboa eta merkea eskainiko dio askori. Eta testuinguru horretan, giza sorkuntza ez da desagertuko. Hori bai, patxadaz eta eskuz egindakoa luxuzko ondasuna bilakatuko da, altzarien industrian gertatzen den legez. Eta artisau sorkuntza —algoritmorik gabea— beharrezko denbora hori hartzen dutenena izango da. Denbora, beraz, metatu ezingo den luxuzko aktibo bihurtuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.