Irailaren 22an uda amaitzen zela ikasi nuen; gaur, berriz, modan bezala, badirudi denboraldiak gero eta lehenago hasten direla, baita irratietan ere. Izan ere, abuztuaren azken egunean abian jarri dira programazio berriak, hainbat plazatako jaiek oraindik udaldian murgilduta gaudela agerian uzten duten arren. Zertarako hainbeste presa?
Hurrengo asteetan berritasunak entzuten joango garen arren, ez dirudi funtsean aldaketa handirik izango denik. Ezagunak diren esatari batzuek ordutegia aldatuko dute, eta, proposamen berriak iragartzen badira ere, orokorrean dagoeneko funtzionatzen duten formatuei eutsiko diote kateek. Badaude aurreko denboraldian ikasitakoa kontuan hartuta eraberrituta itzuli direnak ere, Naiz Irratiko Bi ta Piku-ko lagunak bezalaxe.
Udazkeneko programazio-aurrerapenen artean, arreta eman dit irratiek ikus-entzunezkoaren alde egiten duten hautuak. EITBko estudioetan aspaldian sartu dira kamerak, eta, goizeko protagonisten adierazpenak ez ezik, irudiak ere erabiltzen dira telebistako informazio saioetan, egonkortzen ari den multimedia-eredu baten arabera. Ildo horretan, Euskal Irratiek ere bideo gehiago argitaratzearen aldeko apustua azaldu dute, eta protagonisten elkarrizketak, entzun ez ezik, ikusi ahalko ditugula aurreratzen dute.Â
Ikus-entzunezkoen erabilera honek zer pentsatua ematen dit, baita genero ikuspegitik ere. Nire ustez, irratiak babeslekua eskaini ohi die gorputza erakusgai jarri nahi ez duten protagonistei, kamera aurrean hitz egiteko errezeloak dituztenei ere bai. Ezagutu ditut estudioko irudiak gerora erabili ahalko zirela jakinda irrati-elkarrizketa bati uko egin diotenak, deseroso sentituko zirelakoan. Gehienak emakumeak. Profesional batzuek ere aitortzen dute irudien erabilera horrek presio gehigarria zamatzen diela, nolabait ahotsak eraikitzen duen atmosfera intimoa apurtu eta agerian uzten dituelako, anonimotasuna apurtuz.Â
Bideoa ere podcastgintzan ezinbesteko elementu bihurtzen ari da, eta ziur nago horretan ere eskaintza zabala izango dugula; izan ere, udan zehar egosi dira laster ezagutuko ditugun estreinaldiak, sare sozialetan iragarri zaizkigunak. Eta hori guztia, ziur nago, gaurkotasun politikaren eragin handia izango duen denboraldi batean, laster Hego Euskal Herrian hauteskunde garaian murgilduko gara-eta.