Ignacio Ramonetek 83 urte ditu, eta haren jakintzaz blaitzea aberasgarria izan da. Egunotan orrialdeotan argitaratu diren erreportajeetarako eman ditu azalpenak, eta horretan lagundu dute Yerai Diaz Ikaran eta Jenofa Berhokoirigoin kazetariek ere; Txema Ramirez de la Piscina adituaren analisia ahaztu gabe. Horietan jasotako kontu batzuek badute oihartzuna Haitiko Raoul Peck zinemagilearen Orwell 2+2=5 dokumentalean. Baliatu daiteke abagunea, halaber, Agustin Arrieta Urtizberearen Manifestu filosofikoa (Alberdania, 2026) liburuko pasarte batzuk gogoratzeko.
George Orwellek bizitzako azken urteetan idatzitako esaldiak erabiltzen ditu Peckek hari gisa. Gaur egungo garaien aje guztiekin josten ditu Peckek, indartsu. Eta izango da gehiegizkotzat joko duen ikus-entzuleren bat edo beste, baina ezin da inolaz ere ukatu munduaren erretratu zintzoa denik. Eredu etiko bat da Haitiko zinemagilea; harena da I Am Not Your Negro (2016) lan indartsua, James Baldwin idazlearen hitzak baliatzen dituena. Exterminate All the Brutes dokumental saioan (HBO), berriz, Europako kolonizatzaileek Amerikan eta Afrikan izan zuten ikuspegi genozida eta ankerra aztertu zuen. Lan hartan, ikuspegi benetan interesgarriak islatu zituen Peckek; Afrikatik Amerikara eramandako esklaboen auzia landu zuen, adibidez, narratibetan historia ofiziala auzitan jarrita.

Orwell 2+2=5 dokumentalean —ordainpeko Filmin plataforman ikus daiteke—, 1984 eleberriaren ideiak gaur egunera datoz Pecken eskutik. «Gerra bakea da; askatasuna esklabotza da, eta ezjakintasuna, boterea». Komunikabideen jabetza gutxi batzuen eskuetan gelditzearen ondorioez ohartarazi zuen aurrekoan Ramonetek BERRIAn, eta Pecken filmak ere beste horrenbeste egiten du, beste hitz batzuekin: «Monopolioak eta burokraziak beti dute interes handia statu quo-a iraunarazteko, eta hortaz, galarazi egingo dute herritarrak inteligenteegiak izan daitezen».
Filmean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ageri da zera esaten: «Israelek bakea defendatu du, eta berriz defendatuko du». Hitzontzikeriak betetzen du dokumentalaren beste parte esanguratsu bat. Izan ere, azaltzen da hitz batzuek nola galdu duten beren esanahia, agintari batzuen erabileraren eraginez. Kazetarien aurkako erasoak ageri dira irudietan. Tarte horietan guztietan, Orwellen hitzak entzuten dira, Damian Lewisen off-eko ahotsean. «Borrokatzen ez bada, totalitarismoa toki guztietan irten daiteke garaile»,
Arrieta Urtizberearen oharrakÂ
Agustin Arrieta Urtizberea irakasle eta idazleak Manifestu filosofikoa-n dio badela egia gutxiesten duen jendea. «Pertsona batzuek, lotsarik gabe, kontzientzia arazorik gabe, harrotasun osoz muzin egin diote egiari; egiari eta egiaren orbitan dabiltzan beste balio askori». Horrek dakarren arriskua ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. «Hitzontzi horiek arrakastatsuak dira, eta hauteskundeak irabazten dituzte han eta hemen. Boterera iristen ari dira». Horretan ari dira duela urte batzuetatik hona. Albiste faltsuak zabaltzen dira, egiazkoak balira bezala. Kasurako, nahikoa esanguratsua da Diaz Ikaranek CBS kateko kazetari baten inguruan azaldu duena: Scott Pelley 60 minutes saioko kazetariari agindu zioten gezurrak esateko. Kaleratu egin dute.Â

«Badirudi iritzi bat ezagutza bilakatu daitekeela jasotako like kopuruaren arabera», esan zuen Arrietak, liburuaren aurkezpenaren bueltan. Hortaz, Arrietak antzematen duen joeraren aurka, hau da, egiaren inguruko balioak gutxiesteko joeraren aurka, filosofiak inertzia geldiarazi behar du.
Bada Manifestu filosofikoa liburuan esaldi bat noiznahi aplikatzeko modukoa. Arlo publikoan ari diren guztientzat baliagarria. Zer esanik ez kazetarientzat, eta lerro hauek idazten dituenarentzat. «Apaltasunak ezagutzaren bidaide izan behar du! Harrokeriarekin kontuz!».Â
Pecken zinema politikoa eta Arrieta Urtizberearen balio etiko eta filosofikoak. Bi iparrorratz zorrotz eta argitsu, lirikarako garai zail hauetarako.