Literatura

Agustin Arrieta: «Badirudi iritzi bat ezagutza bilakatu daitekeela jasotako 'like' kopuruaren arabera»

Munduaren norabidea aldatuko ez badu ere, aldaketa positiboaren parte izan behar luke filosofiak, Agustin Arrieta pentsalariaren iritziz. 'Manifestu filosofikoa' saiakeran bildu ditu bere gogoetak.

Agustin Arrieta 'Manifestu filosofikoa' liburuaren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU
Agustin Arrieta 'Manifestu filosofikoa' liburuaren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko martxoaren 29a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agustin Arrietak ez du sare sozialetako like-rik bilatzen, ez propagandarik, ezta publizitaterik ere. Inertziaren kontra egiten duen liburu bat ondu du, eta, dioenez, «agian ezkongaitzak diren bi kontzeptu» ezkondu ditu: manifestu bat eta filosofia liburu bat. Hain zuzen, Manifestu filosofikoa saiakera liburua aurkeztu berri du Arrietak, eta filosofiaren aldeko aldarria egin: «Zinez uste dut filosofia garrantzitsua dela; garrantzitsua dela orain, eta gizarte honetan». Alberdaniaren Patrika bildumaren parte da liburua.

Nork ez du inoiz gizarte hobe bat irudikatu? Bada, etorkizun hobeak irudikatzeko orduan filosofiak egin dezakeen ekarpena azaltzea du helburu Arrietaren manifestuak. «Motibo asko daude pentsatzeko gizartean gauzak hobeto egin daitezkeela», esan du Arrietak, eta, testuinguru horretan, baieztatu du filosofiak zeregina baduela. «Filosofiak ez du aldatuko mundu honen norabidea, baina aldaketa positiboaren parte izan behar luke. Horixe da aldarrikapena».

Egia vs iritzia

«Ezagutzaren gizartea» esan ohi zaio egungo gizarteari; eskura dago nahi adina informazio, baina Arrietak argitu du filosofiaren ikuspegitik «ezagutzak beti zaintza lan handi bat» eskatzen duela. Ezkor agertu da autorea: «Zaintza lan hori baztertzen ari gara». Bi ardatz nagusi ditu liburuak: ezagutza eta balioak. Lehenak egiaren bilaketari egiten dio erreferentzia, eta bigarrenak balio etiko-politikoak hartzen ditu kontuan. Dena den, autoreak berak kontatu du bi kontzeptuak elkarri lotuta daudela.

«Indartsuenak nahi duen hori nagusitzen da, botereak nahi duena; publizitatean indartsua den horren iritzia iristen da ezagutza gisa ulertua izatera, eta propaganda da lanabes indartsuena»

AGUSTIN ARRIETA Pentsalaria

Antzinako filosofoengandik oinordetzan jasotako kontzeptua da, izan, ezagutzarena; baina kontzeptuak marka berezi bat du oraindik ere, Arrietaren ustetan. «Zaindu beharreko kontzeptua da; iritzi, uste edo sinesmen oro ez baita ezagutza. Horietatik batzuk besterik ez dira iristen ezagutza izatera». Hala, gaur egungo gizartean ezagutza indartu eta egia bilatu beharrean, bestelako bereizgarriak gailendu ohi direla salatu du egileak: «Indartsuenak nahi duen hori nagusitzen da, botereak nahi duena; publizitatean indartsua den horren iritzia iristen da ezagutza gisa ulertua izatera, eta propaganda da lanabes indartsuena. Badirudi iritzi bat ezagutza bilakatu daitekeela jasotako like kopuruaren arabera». Hortaz, egiaren inguruko balioak gutxiesteko Arrietak antzematen duen joeraren aurrean, filosofiak inertzia geldiarazteko eginbeharra du, haren ustez.

«Egia-ostearen aroan bizi gara, antza». Norberaren usteek gertakari objektiboek baino pisu handiagoa hartzen duten garaiari egiten dio erreferentzia egia-ostea-ren kontzeptuak, eta, Arrietaren hitzetan, gaur egungo gizartea azaltzeko balio du. Aro honen gaineko analisi xehe bat egin du Arrietak saiakera liburuan, eta, besteak beste, Hannah Arendt izan du hizpide: «Arendtek, egia-ostea existitu ere egiten ez zen garaian, aipatu zuen ezagutzaren gaineko balioak —objektibotasuna, egia, autokritika, eta abar— baztertzen direnean, totalitarismoa dagoela ate joka». Nazismoaren garaian kokatzen da Arendten pentsamendua, baina Arrietak kezka adierazi du prozesu hura modu naturalean gertatzen ari delako gaur egungo gizartean.

Justiziaren balioa

«Filosofian beti aldarrikatu behar da justizia, testuinguru guztietan, leku guztietan; balio unibertsal gisa». Egungo balio etiko-politikoak merkatu balio gisa definitzen ditu Arrietak, eta egoismoarekin, erosotasunarekin edo azkartasunarekin ezaugarritzen: «Etekinei lotutako balioak dira». Kexu da filosofiak lehenesten dituen balioak «bigarren, hirugarren edo laugarren» mailan uzten direlako, hala nola justizia, elkartasuna, berdintasuna eta askatasuna. «Badaude beharrezkoak diren balioak, filosofian historikoki azpimarratu direnak. Horiek jarri behar dira lehen lerroan, eta merkatu balioek morroi izan behar dute, ez nagusi».

«Injustiziaz harro agertzen da jendea telebistan, Gazan egiten ari direnaz harro; gainera, batzuek —ez gutxik— txalotu egiten dute jarrera hori, eta halakoek bozak ere irabazten dituzte»

AGUSTIN ARRIETA Pentsalaria

Lotsagabetasunari mugak jartzearen aldeko jarrera argia du Arrietak, egungoa egoera «zinez harrigarria» dela iritzi baitio: «Ez dago jendaurrean gezurti agertzeko lotsarik; hitzontziek ere lotsarik ez, eta sekula ez dute 'oker nengoen' esaten. Injustiziaz harro agertzen da jendea telebistan, Gazan egiten ari direnaz harro; gainera, batzuek —ez gutxik— txalotu egiten dute jarrera hori, eta halakoek bozak ere irabazten dituzte». Elkarrizketa serioetarako egungoak garai txarrak direla ziurtatu duen arren, Arrietak manifestu izaera duen liburu filosofikoa eskaini dio publiko zabalari; hain zuzen, gauzak, oraindik ere, ondo egin daitezkeelako ustea duelako.

Ibilbide luzea du Arrietak saiakeragintzan, eta beti aritu da filosofiaren alorrari lotuta. Filosofia eta informatika ikasketak egin zituen. Filosofiako irakaslea da EHUn, eta, unibertsitaterako idatzitako liburuez gainera, esaterako, Gaueko eztabaidak lana ere eman zuen argitara Erein argitaletxearekin (2021), eta Sinesmenak eta usteak izenekoa ere kaleratu zuen 2010ean, Alberdaniarekin. Eta konpromiso hori nabarmendu du aurkezpenean Aritz Galarraga Alberdaniako editoreak: «Filosofia gizarteratzeko borondate fermu eta konstantea erakutsi duen autore bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!