«Estatuko Segurtasun Indarrek, Espainiako gizarte osoarekin batera, ETA garaitu zuten». Hori da La infiltrada filmaren amaieran ageri den lerroburua. Filmak lortu zuen oihartzun mediatikoa edota Goya sarietako aldarriak izango dituzue gogoan. Ez zen urtebete ere igaro film hura estreinatu zenetik La frontera aurkeztu zutenean: ETAren inguruko beste fikziozko lan bat.
Ezustekoak ez dira hor amaitzen. ETAn infiltratu zen emakumezko guardia zibil baten istorioa kontatzen duen Un fantasma en la batalla Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten iaz. Susana Abaitua da protagonista, eta Amaia izeneko guardia zibila hezurmamitzen du; agente ezkutu gisa infiltratzen den emakumea.
Aurten Donostiako Zinemaldira gerturatu bazarete, ikusi izango duzue, 2020an Patria telesailarekin egin zuten bezala, tamaina erraldoia zuen afixa batek Gros auzoko eraikin oso bat estali duela. Daniel Kalparsororen El confidente promozionatzeko izan da. «ETAren amaierari buruzko thrillerra», diote. Bowfinger International Pictures-ek ekoiztuko du, nola ez.
Iaz, halaber, DVk ekoitzitako Gregorio Ordóñez, el asesinato que despertó la rebelión contra ETA dokumentala izan zen ikusgai. Aurten, berriz, Jon Sistiagak zuzendutako Miguel Ángel Blanco dokumentala estreinatu du Netflixek. Eta 2027an, Felix Biskarretek zuzendutako fikziozko film bat ere iritsiko da, Blanco izenekoa.
2020an Patria estreinatu zenetik etengabe ari gara euskal gatazkaren irudikapen erabat desorekatua ikusten. Horrek, ordea, ez du esan nahi gatazkari buruzko bestelako ikuspegiak eskaintzen dituen lanik ez dagoenik —Karpeta urdinak, Indarkeriaren Oi(h)artzunak, Negu hurbilak, Bi arnas, Non dago Mikel?, 918 gau...—. Arazoa beste bat da: foku mediatiko nagusiek alde bateko errelatoa lehenesten dutela, eta zenbait hedabidek, behin eta berriz, ikuspegi hori hauspotzen dutela.
Eta hori ez da kasualitatea. Horietako lan askotan, gainera, Poliziaren jarduna justifikatu eta infiltrazioak erromantizatu egiten dira, gatazkaren kontakizuna sinplifikatu eta protagonistak alde bakarretik eraikita.
Maider Galardi F. Agirre kazetari eta ikerlariaren hitzak datozkit burura, Pikara Magazine-n esandakoak: «Nekatuta gaude gure herriak, gure herrak eta gure orroak erridikulizatzeko joera honekin».