Etengabe aldatzen ari da kazetaritzaren eta komunikabideen lana. Prozesu horietan, tartean da sarri prekaritatea. Eta aipatu beharrekoa da prekaritatea ez dela bakarrik islatzen kazetariek jasotzen dituzten soldata txikietan. Lan ordutegi luze eta mugagabeetan ere bada. Lan egiteko baldintzak aldatu egin dira hainbat komunikabidetan, eta, horren ondorioz, kazetari bakar batek bi edo hiru langileren lana bete behar izaten du, eta ez dira gutxi horrela aritzen direnak.
Telebistarako ari diren hainbat ekoiztetxe pribatutan berriemaileek sakelako telefono batekin egin behar dute dena: irudia eta soinua hartu, eta sakelakoaren aurrean mikro batekin kontakizuna egin. ETBko albistegietan, halaxe aritzen dira nazioarteko berriemaileetako batzuk. Euskal Herriko albisteen berri ematen dituzten kazetari gehienekin ez da halakorik gertatzen: hau da, kamerari bat joaten da, hark hartzen du irudia, eta kazetariak haren aurrean egiten du kontakizuna. Esan beharrik ez dago kalitatea arriskuan dela zernahitarako kazetari batek den-dena egin behar duenean.
ETBrentzat saioak egiten dituzten ekoiztetxeen kasuan, denetarik bada: batzuetan kamerariaren eta kazetariaren artean egiten dute kronika edo bideoa —soinu teknikaria ere izaten da zenbaitetan—. Baina beste batzuetan, Prime Time Media ekoiztetxearen kasuan adibidez, urteak daramatzate mojo sistema —Mobile Journalism edo kazetaritza mugikorra— delakoa erabiltzen. Hortaz, berriemaileak daramatza gainean baliabide tekniko guztiak kronika egiteko: sakelako telefono on bat, irudia finkatzeko gailuren bat, mikroa... eta berriemaile horrek egin behar du prozesuko guzti-guztia. Modu horretan aritu zen kazetari bat bolada luzean Prime Time Media ekoiztetxean, baina nekatu, eta barnealdean lan egiteko eskaera egin zuen enpresan. Handik bolada batera, ordea, berriro exijitu zioten sakelako telefonoarekin egiten zuen lan horretara itzultzea. Uko egin zionean bueltatzeari, Prime Time Mediak kaleratu egin zuen. ETBko langile batzordeak urtarrilaren 16an salatu zuen kaleratze hura. «Aste berean beste langile bat ere kaleratu zuten, aitzakia berbera erabilita».
Lehendik ere bazetorren kezka
Duela bost urte eta erdi, 2020ko uztailean, testu bateratu bat sinatu zuten Kataluniako SPC kazetarien sindikatuak, Espainiako ACE kamerarien elkarteak, CGT Sindicam kamerari profesionalen elkarteak, Andaluziako telebista kamerarien elkarteak eta SPA Andaluziako kazetarien sindikatuak. Ohartarazi zutenez, ETB2ko En jake saioan eta sare sozialetan kazetari bat ageri zen Bartzelonako mobilizazio batzuen berri ematen kamera operadorerik gabe eta sakelako telefono batekin lan betekizun guztiak eginda. «Telebista profesional eta kalitatezko bat egon dadin, nahitaezkoa da kameraren eta erredaktorearen lana, haiek gabe eta talde profesionalik gabe, irudiaren kalitatearen kontrola galtzen baita. Hainbat parametrotan galtzen da kontrol hori: konposizioan, esposizioan, soinuan, irudiaren egonkortasunean, mugimenduan eta abar, eta abar». Hala zioten elkarte eta sindikatu horiek.
ETBko langile batzordeak neurri zehatzak eskatu dizkio orain telebistako zuzendaritzari: «Lan hitzarmenak eta lan legedia errespetatzen ez dituzten ekoiztetxeekin dituen akordio eta kontratuak etetea edo ez berritzea». Prime Time Median gertatutakoa ez dela kasu bakana diote langileen ordezkariek.
Euskal Herritik kanpo ere, telebista kate pribatu batzuetan ari dira mojo sistema erabiltzen. Gero eta gehiago. Batzuetan urteak daramatzate horretan, eta ez dirudi lan egiteko modu hori albo batera utziko dutenik. Kritikak ere badira.
Bitartean, badira kazetari batzuk mojo sistemaren aldeko hautua egin dutenak freelance berriemaile gisa. Lana modu horretan egiteko formakuntza ere zabaldu da, eta tailerrak ematen dituzte kazetari horietako batzuek.
Argi dago probetxuzkoa gerta daitekeela kazetari batek gero eta trebezia gehiago izatea eta zernahi egoeratan lan egiteko gai izatea. Baina erantzun beharreko galdera zera da: zernahitarako kazetarien jarduera orokortzea al da bidea? Â