ETBko langile batzordeak «gogor» salatu du Prime Time Media ekoiztetxean izandako azken gertakaria: erredaktore bat kaleratu dute, «bere lanbidearen duintasuna defendatze hutsagatik». Enpresak MoJo sistema (Mobile Journalism) hartzera behartu nahi izan zuen langilea, zuzeneko konexioak egiteko; erredaktoreak, ordea, adierazi zien ez zegoela ados, egiteko horiek bere berezko funtzioetatik kanpo daudela argudiatuta. Ekoiztetxearen erantzuna langilea berehala kaleratzea izan da, «konfiantza falta» argudiatuta. BERRIAk jakin duenez, En Jake saioan ari zen lanean langile hori. Gainera, aste berean beste langile bat ere kaleratu dute, aitzakia berbera erabilita.
Euskal Herriko ekoiztetxe handien eredua honako hau dela kritikatu du langile batzordeak: «Beldurra eta prekaritatea». ETBko langileak ordezkatzen dituen erakundearen ustez, Prime Time Median gertatutakoa ez da kasu bakana. «Euskal ikus-entzunezkoen sektorean, eta bereziki ETBrentzat lan egiten duten ekoiztetxe handietan, ohiko jarduna bihurtu da. Ekoiztetxe horietako askok ETBren esanetara diharduten aldi baterako laneko enpresa gisa jokatzeaz gain, agindu eta obeditu eredua ezartzen dute, eta kaleratzeen edo mehatxuen bidez zigortzen dute edozein iritzi kritiko eta lan eskubideen inguruko aldarrikapen, eta beldurra zabaltzen dute langileen artean».
ETBko langile batzordeak dio urteak daramatzala egoera hori bera salatzen. Honako neurri hauek exijitzen dizkio EITBko zuzendaritzari: «Lan hitzarmenak eta lan legedia errespetatzen ez dituzten ekoiztetxeekin dituen akordio eta kontratuak etetea edota ez berritzea. Bere ardurari entzungor ez egitea: esternalizazioak justifikatzeko, EITBko zuzendaritzak dio bere xedeetako bat 'euskal ikus-entzunezko industria sustatzea' dela, baina praktikan prekaritatea eta eskubide urraketak hauspotzen ditu. Ezin da onartu gatazka hauek sortzen direnean 'kanpoko enpresen antolaketa arazoak' direla esanez bere ardura saihestea».
EITBko zuzendaritzari honako eskaera eta kritika hau ere egin diote langileek: «Euskal ikus-entzunezkoen industria zaintzea eta ekoiztetxeetan lanean diharduten gure lankideen lan baldintzak zapaltzen dituzten enpresa ereduak babestea guztiz bateraezinak dira».