Pete Ohsen Erupcja filmak osagai nahiko bereziak ditu: inprobisaziotik jaiotako fikzioa, Charli XCXen presentzia, pop kulturaren oihartzunak eta 2024ko brat summer delakoaren erdian Varsovian filmatua izatea, baliabide gutxirekin eta aurrez idatzitako gidoirik gabe. Baina itxurazko arintasunaren azpian, ihes egiteko, desira probatzeko eta norbera beste modu batera irudikatzeko bulkada bat ere badago. Inprobisazioaren eta ustekabearen arteko joko horretatik sortu da obra. Desordenatua, batzuetan hauskorra, baina magia berezi batez blaitua. Filmin plataforman dago ikusgai.
Sumendi baten erupzioaren erruz opor erromantikoak zapuztu, eta Bethany eta haren senargai Rob Varsovian harrapatuta geratu dira. Kanpoko hondamendiak, ordea, barruko mugimendu bati emango dio bide. Haurtzaroko lagun batekin topo egitean, Bethany beste norabide batean abiatuko da, hiriko loft, klub eta kalezuloetan barrena. Hiriak, gauak eta ustekabeko topaketek aurrez marraztutako bizitzaren ertzak lausotuko dizkiote. Pixkanaka, haren desirari eta identitateari buruzko galderak azaleratuko dira.
Charli XCX da filmeko ezusteko handiena. Bere irudi publikoaren oihartzuna bazterrean utzita, pantailan naturaltasun harrigarriz eta indar magnetikoz ageri da. Drama queer honen grabitate zentroa da, istorioak norabidea galtzen duenean ere hari eusten dion indarra.
Pete Ohsek aspalditik arakatzen ditu fikzioaren eta inprobisazioaren arteko mugak. Erupcja-k ere eremu horretan egiten du aurrera, mumblecore-aren arrastoak atzean utzi gabe, baina etiketa horretara mugatu gabe. Ohsen interesa ez dago hainbeste istorio bat kontatzean, pertsonaiak beren burua deskubritzen ari diren une horri eusteko ahaleginean baizik.
Kontakizun klasikoaren konbentzioei uko egitea ariketa bizigarria da, nahiz eta askatasun horrek baduen bere ordaina. Lotura narratiboak trabatu egiten dira tarteka, eta badirudi eszena batzuek giro jakin bat luzatzea dutela helburu bakarra, istorioaren bilakaerari ekarpen handirik egin gabe.
Baina Erupcja, neurri batean, desoreka horiei esker da interesgarria. Filmak ez du bere burua handitasunaren bidez aldarrikatzen, iheskortasunean eta itxurazko arinkeria horretan aurkitzen du indarra. Eta amaitu ondoren, hor geratzen da, ikuslearen oroimenean.
Â