urtzi urkizu
Pantailen artetik

Eskuzabal biak ala biak

2026ko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hazparnen (Lapurdi) Zinegin jaialdia egiten ari dira egunotan, eta ostegunean Fermin Muguruzaren eta Ander Merinoren Muguruza FM 40 Tour dokumentala eman zuten. Hilaren 13an iritsi zen Hegoaldeko areto komertzial batzuetara, eta datorren astean Urruñan (Lapurdi), Baionan, Donibane Garazin eta Hendaian (Lapurdi) ere emango dute. Musikaria bera emanaldi horietan izango da, ikus-entzuleekin solas egiteko. Herrialde Katalanetako eta Galiziako areto batzuetara ere iristen ari da musika bira mundial horren gaineko filma. Donostiako Zinemaldian izan zen estreinaldia, Belodromoan, eta katartikoa izan zen hura beste 3.500 herritarrekin ikustea.

'Muguruza FM 40 Tour' dokumentaleko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Muguruza FM 40 Tour dokumentaleko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Etxeko epelean, mantapean, gozatzeko beste dokumental bat, Filmin plataforman ikusgai dagoena: Broken English. Iain Forsyth eta Jane Pollard zinemagileek Marianne Faithfull musikari eta aktorearen inguruan egindako film aparta —iazko urtarrilean hil zen Faithfull—. Aurkitzen dute zinemagileek formula berezi bat, jolastia, Faithfullen ibilbideaz aritzeko. Artistari, gaixo zelarik, elkarrizketa luze eta mamitsua egiteko. Aho bizarrik gabe mintzo da filmean, bizitza guztian egin zuen moduan; gizonezko kazetarien galdera matxistak entzun behar izaten zituenean bezala. 1960ko hamarkadan ezagutu zituen musikari entzutetsuak eta haiekin izandako harremana ere ageri dira dokumentalean, baina horren gainetik, Faithfullen nortasuna eta garai hartan establishment-ak ezartzen zuenari aurre egiteko borondatea gailentzen dira. Haren ahotan ere bai. Musikari ibilbide sendoa osatu baitzuen Faithfullek; urte askoren ostean aitortua.

Marianne Faithfull eta George MacKay Broken English dokumentalean.
Marianne Faithfull eta George MacKay, Broken English dokumentaleko irudi batean. FILMIN

A priori ez dira parekoak Muguruza eta Faithfull. Baina badute antza gauza batzuetan: nor bere dokumentalean, zaurgarri ageri dira batzuetan. Muguruzak Crohn-en gaitza du eta horretaz hitz egiten du biraren erdian, hauskor. Eta Faithfullek drogen mendekotasunaz, gazte garaiak gogoratzean. Eskuzabal biak ala biak, musikaren eta sormenaren mundu gogorrean: Muguruzak nazioarteko bira bat egin zuen hiri ugaritan, eta musikari euskaldunak eramaten zituen gonbidatu gisa, baita bere banda indartsua ere. Eta Faithfullek, COVID-19aren eraginez gaixo egonda ere, kanta bat grabatzen du estudio batean, azkena, lagun onen konpainian —haien artean ageri da Nick Cave—.

Hitzak eta aizkorak

Bi dokumentaletan badira aipatzeko moduko osagarri edo metafora filmikoak. Muguruza FM 40 Tour dokumentalean, aizkorak ageri dira: Oihana Fernandez de Barrena aizkolariak protagonismoa hartzen du, eta, hasteko eta behin, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetan aizkorek izan zuten sinbologiari erreparatu. Muguruzari berari kamera aurrean galderak egiten azaltzen da aizkolaria. Eta Muguruzari jarritako betoei, zentsurari eta egin dizkioten erasoei aurre egiteko modu ona da aizkorak zorroztea. Irungo (Gipuzkoa) musikariaren hitzekin eta ekintzekin bat baitoaz aizkorakada antifaxistak.

Muguruza FM 40 Tour dokumentalaren trailerra.

Broken English dokumentalean, berriz, fikziozko asmakizun bat dago gidoian: Ministry of Not Forgetting (Ez ahazteko ministerioa) delakoan behatzaile eta arduradun gisa ageri da Tilda Swinton aktorea. Bestalde, George MacKay aktoreak erregistro arduradunarena egiten du, non Faithfullen irudi eta soinu artxiboen zatiak puzzle jolas bihurtzen diren, musikari adinduak goxo entzuten duen bitartean.

Broken English dokumentalaren trailerra.

Dokumental horrek Faithfullen hirurogei urteko ibilbidearen memoria urratua erreparatzen du. Muguruzak, berriz, berrogei urteko ibilbidea nazioarteko bira bilakatu zuen, eskuzabal, eta Ander Merinorekin batera dokumental bat ondu, orain aretoz areto eramateko asmoz.

Biak izan dira koherente, baita eremu oso kontserbadoreen jazarpenaren eta arbuioaren jomuga ere. Eta biak altxatu ziren, beste lagun batzuekin batera, bidegabekerien aurka. Muguruzak hor dirau, noski, eta zain egon beharko da ikusteko zer asmatzen duen bere hurrengo egitasmoan. Muguruza FM 40 Tour ere iritsiko da pantaila txikira, baina berandu baino lehen, hobe duzue lagunartean eta pantaila artean disfrutatzea.  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA