Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Etxe bila

2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Batzuetan gure etxea zer den esatea zaila izaten da. Gure betiko eraikinean gaude, baina barruan dagoenak ez digu etxean egoteko sentsazioa ematen. Horrelako zerbait gertatzen zaio Somebody Somewhere (HBO Max) telesaileko Sami. Bere ahizpa lesbiana hil egin da, eta bere ondoan egon da azken egunetara arte. Bizitza aurrera doa AEBetako Kansas estatuko Manhattan hirian, baina Samek ez du bere tokia aurkitzen. Eta oraindik sofan lo egiten du, bere ahizparen ohea hutsik dagoen bitartean.

Telesail horren bigarren denboraldia amaitu berri dut, eta telesaila etxetzat hartu dezaket. Behin eta berriz itzuli nahi duzun tokia izan daiteke telesaila, nahiz eta fikzioko pertsonaiek dituzten barruko beldurrekin sufritu. Lehen denboraldian Samek bere eskolako pertsona batekin egin zuen topo lantokian, eta egun horretatik aurrera lagun bereizezin bihurtu zen. Lagun hori Jeff da, Eliza kristauan abesbatza bat egin nahi du, baina abesbatza hori Manhattaneko LGTBI+ komunitatearekin osatu nahi du. Bera gaya da, eta Samekin hasten duen erlazioa baldintzarik gabeko laguntasuna bihurtuko da.

Samek bere familiarekin arazoak ditu. Bere ahizparen heriotzaren ostean, ama alkohola edatean hasi da, eta beste ahizparekin duen harremana ez dago une hoberenean. Egoera horren aurrean, Samek bere familia kanpoan aurkituko du, eta Jeffek horretan lagundu egingo dio. Telesailaren bi denboraldietan laguntasunaren garrantzia azpimarratu egiten da une oro, eta maitasunaren idealizazioari kritika egiten zaio. Oso berezia egin zait Samen lagunak LGTBI+ komunitateko kideak izatea. Telesaila AEBetako erdialdean kokatua dago; zehazki, landa eremuko hiri txiki batean. Hiria nahiko erlijiosoa izanik ere, bakoitzak bere tokia aurkitu duela dirudi. Samek, aldiz, bere tokia bilatzen jarraitzen du eta noizean behin iraganeko mamuak itzultzen zaizkio. Telesailaren bi denboraldietan tradizioa eta bizitzeko modu desberdinak arazorik gabe uztartzen dira.

LGTBI+ harrotasunaren aste honetan, horrelako telesailak ikustea oso beharrezkoa iruditzen zait. Askotan uste dugu LGTBI+ komunitateak aukera gehiago dituela diskriminazioa sufritzeko herri txikietan, baina usteak erdi ustel direla argi uzten digu Bridget Everett komedianteak sortutako telesail horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.