gaizka izagirre
Ekografiak

Etxebizitzaren infernua

2026ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carles Tamayo kazetaritza eta ikerketa lan zorrotzak egiten dituen youtuber ezagun bat da. Sarerako eduki ugari sortu ostean, 2024an plataforma handietara egin zuen jauzi CĂ³mo cazar a un monstruo dokumentalarekin.

RTVErako egin duen Se nos ha ido de las manos programa berrian gizarte gisa normalizatu ditugun gaiak aztertzen dira. Atal bakoitzean, Tamayoren talde dokumentalistarekin batera ikerketa-prozesu bat jarraitzen dugu. Ibilbide horretan, arazo konplexuei konponbide sinpleak bilatzen saiatzen dira, askotan errealitatearen mugak proban jarriz.

Lehen ataleko gaia, ziurrenik, une honetan kezka handiena sortzen duenetako bat da: etxebizitza.

Guztia erabaki pertsonal batekin hasten da. Madrildik Bartzelonara bizitzera joan ondoren, Tamayok bere pisua alokairuan jartzen du eta konturatzen da merkatuan prezio altu bat eskatu dezakeela. Sektoreko gomendioa argia da: berrinbertitzea, etekin handiagoak lortzeko. Hori da higiezinen negozioan infiltratzeko ikerketaren abiapuntua.

Baina Tamayok ez du higiezinen mundua kanpotik behatzen soilik; barrutik ulertu nahi du. Horretarako, higiezinen inbertsiorako fikziozko enpresa bat sortzen dute, Voltor & Voltor, eta sektoreko azoka, kontaktu eta dinamika errealetan murgiltzen dira. Baliabide horri esker, erakusten dute nola funtzionatzen duten inbertsio-funtsek eta logika espekulatiboek, ikuspegi ia performatibo batetik.

Eskaintzen diren datu argigarriez harago, Tamayok berezko tonua txertatzen dio kontakizunari. Lehen atalak, etxebizitzaren merkatuaren eta putre funtsen inguruko ikuspegi kritikoarekin, telebista orokorrerako ohikoa ez den espazio batean kokatzen du saioa. Ikerketa, esperimentazio narratiboa eta eszenaratze probokatzailea uztartzen dituen kazetaritza dokumental hibrido oso interesgarria eta mamitsua da.

Murgiltze-kazetaritza eredua irudikatzen du, gizarteko errealitateak aztertzeko ohikoak ez diren metodoak erabiliz. Lanaren helburua ez da soilik informatzea, baizik eta etxebizitzaren merkatuari buruzko hausnarketa kritikoa piztea eta egunerokoan normalizatu diren praktika ekonomikoak zalantzan jartzea.

Ikusleari geratzen zaion sentsazioa argia da: egoera honek ezin du horrela jarraitu, eta aldaketa sakonak behar dira lehenbailehen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA