Bost urte lehenago desagertutako aita baten itzulerak eta heriotza-mehatxu batek argi gorriak piztu dituzte fikziozko euskal familia batean. Martxoaren 18an estreinatu zen Argi gorriak telesaila, eta dagoeneko ikusgai dago Primeran plataforman.
Elena Mugika (Itziar Ituño) adin ertaineko bikoizketa-aktorea da, krisi batean murgilduta dagoena. Egun batean, dei bat jasoko du, eta, harekin batera, senarra —duela bost urte etxetik alde egin zuena— iktus batek jota itzuliko da. Baina trama ez da hor amaitzen: seme-alabekin afaltzen ari direla, jatetxe txinatar batetik janari artean ezkutatutako bala bat jasoko dute. Une horretatik aurrera hasiko dira gorabeherak, bai familian, bai ingurune profesionalean. Mugika, seme-alabekin batera, bala hori nondik datorren argitzen saiatuko da.
Alberto Gastesik zuzendutako Argi gorriak telesaila gure pantailak freskotasunez betetzera etorri da. Umore beltza eta absurdoa uztartuz, euskaraz egindako umoreari balioa ematen dio lan original horrek.
Bereziki ona da Itziar Ituñoren papera: zorrotza, barregarria eta errebeldea. Atal bakarrean hainbat emoziotatik igarotzen den emakumea da, errealitatea gordinki erakusten duena. Horrez gain, seme-alaben pertsonaiek zer esana dute. Alde batetik, Paul (Arnatz Puertas): azkarra, alferra eta sentsiblea, baina familiako umorearen motorra. Bestetik, Lucia (Nerea Sanz), alaba zaharrena: aurrera ateratzeko bi lan (literalki) egiten dituena, baina errebeldea eta sarritan desastre hutsa. Are interesgarriagoa da bien arteko harremana; badakizu esaera, amodiotik gorrotora pauso bakarra dagoela diote. Hori argi ikusten da anai-arreben arteko gatazketan.
Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea telesailak bikoizketa-aktoreen lana eta haien jarduna ere ikusgarri egiten dituela. Askotan ahaztu egiten baitzaigu euskarara itzulitako edukien atzean Elena Mugika bezalako aktoreak daudela, beren ahotsaren eta interpretazioaren bidez pantailako pertsonaiak ezagutzeko aukera ematen digutenak.
Oro har, originaltasuna eta publikoarekin konektatzeko gaitasuna dituen telesail bat da, eta, horregatik, merezi duen tokia hartzeko moduko proposamena.