Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Gazteen berbagailua

2026ko azaroaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abenduko zubiak liburu eta disko usaina du Euskal Herrian, baita podcastena ere. Iaz Berbagailua podcast gunea estreinatu zuten Durangon, Madalenako ermitan, eta, dirudienez, esperientziak zapore ona utzi zuen, aurten emanaldi gehiago egingo baitira bertatik, Durangoko Azokako egitarauan agertzen den bezala.

Azokarekin lotuta jaio zen BaDA!bil beteranoak laugarren denboraldia beteko du, eta aurten saio gazte asko gehituko zaizkio. Gazteak, ez soilik aurkezleak adinez halakoak direlako, baizik eta edukiak ere haiek egindakoak direlako, eta haiei bereziki zuzendutakoak. Aitortu behar dut orain arte saio horietan agertu diren izen batzuk nortzuk ziren miatu behar izan dudala (belaunaldien arteko arrakala), baina zalantzarik gabe, talentu handikoak dira guztiak, euskal kultura berritzen ari delako erakusleak izateaz gainera. Izan ere, artistak, eduki sortzaileak, diseinatzaileak, bakarrizketariak, aktoreak, zinemagileak, literaturazaleak, musikariak, influencer eta youtuber direlakoak… solasean arituko dira bertara bilduko diren jarraitzaileen aurrean azokako bost egunetan, goiz eta arratsaldez eskainiko diren saioetan.

Denetariko gaiak eta edukiak daude. Ilargiaren amaieran eta Ez DA! Normala podcastean, sortzaileak eta beren lanak erdigunean izango dira, eta Belarrijana saioan, berriz, gaurkotasun politikoari gazte betaurrekoekin begiratuko diote. Umorea eta batzuetan zentzubakoa ematen duen solasaldia batzen dira Edukiontziak bideopodcastean.

Nola ez, literaturak leku berezia du Bilbo Hiriaren Liburuen Errepublika Txikia eta Plaz! saioetan; azken horretan, gonbidatuak aukeraturiko klasiko edo egile berri baten liburu baten inguruko elkarrizketa gidatzen du Nahia Sillerok. Eta Durangon hitzak eta musika batera doazenez, azken hori ezin da falta izan Musikazuzenean, Murmur eta Leku baten bila programetan, zeinetan emakume musikarien lanak ikusarazten diren. Eugeniren Txokoa, berezko sinadura duen elkarrizketen saioa, Madalenara mugituko da egun batez, eta Euskal Irratiek eta Bada-k ekoizturiko Gau pasa-n nor gonbidatuko duten azokan bertan jakingo dugu.

Podcast aukeraketa ikusita, argi dut gazteek kulturan zer esan eta zer erakutsi badutela, eta horretarako mintzaira, formatu eta kanal berriak aukeratzen dituztela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA