urtzi urkizu
Pantailen artetik

Gidoilari eskola bat

2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aktualitatearen gurpilak ez du etenik, eta Pasapalabra lehiaketaren gurpilak Antena3etik joan behar izan du epailearen erabakiz. Fox Corporation konpainiak Roku streaming zerbitzuen enpresa erosi du, 19.010 milioi euroren truke. TF1 talde pribatuko bost telebista kateak eta TF1+ Interneteko nahieran zerbitzu osoa Netflix plataformako katalogoan sartu dituzte —iragarkiez ez dira libratuko erabiltzaileak—. Eta datorren astean sektorean erosketa garrantzitsu bat espero da Erresuma Batuan.

Donostiako Miramar jauregian, berriz, euskaratik eta euskaraz antolatutako euskal zinemari buruzko udako ikastaro bat antolatu dute asteon EHUko Nor ikerketa taldeko Josu Martinezek eta Samara Veltek —datu esanguratsuak ere eman dituzte: hogei urtean, 1.267 euskarazko lan zenbatu dituzte—. Han mintzatu diren ikerlarien artean, Katixa Agirrek Korrontera batu nahian: euskal zinemaren erronkak streaming transnazionalaren garaian hitzaldia eman du. Eta ondorio argigarri batzuk eman ere bai: «Streaminga da ikus-entzunezkoen industria irauli duen fenomenorik inportanteena XXI. mendean, eta ezin zaio horri bizkarra eman; nazioarteko streaming plataformei euskal zinema ez zaie interesatzen —film batzuk iristen badira, anekdotikoa izango da—; eta EITB da daukagun giharrik inportanteena, baina ez bakarra». Horrekin batera, Agirrek, literatur idazle trebea ere badenak, azaldu du streaming plataformek batzuetan lagundu izan diotela euskal zinemari. «Plataformek nitxoen aukera zabaltzen dute. Finantzaketa aukera batzuk ere ireki zaizkie euskarazko film batzuei». Agirrek gogora ekarri zuen Paul Urkijo zinemagileak esan zion esaldi bat: «Agian Netflixen bitartez ez naiz iritsiko mundu osoko zinema aretoetara, baina iritsiko naiz mundu osoko egongeletara».

Urkijoren filmetan lan egin izan dute Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Ramon Agirre aktoreek, eta hiruon arteko solasaldi bat ere egin dute udako ikastaroan, Samara Veltek fin gidatuta.

Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Ramon Agirre EHUko udako ikastaroetan.
Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Ramon Agirre EHUko udako ikastaroetan, ostegunean, Donostian. JON URBE / FOKU

Solasaldi horretan, aktoreek eman dituzte lerroburu mamitsu bat baino gehiago. Azkaratek, kasurako: «Sinesgarritasuna oso lotuta dago fikzioarekin. Fikzioa egiten ari bagara, ez dugu zertan errealitatea islatu». Fikzioan proposatutako horretan planteatzen den euskarak izan behar du sinesgarri, Azkarateren aburuz. «Horregatik ez da kontrajarria euskara batua ala euskalkiak erabiltzea». Baina? «Bada, ni ez nago ados; adibidez, fikzioa egiten ari bagara, familia berean aktoreek bost euskalkitan hitz egitea. Fikzioari sinesgarritasuna zor diogu, euskarari dagokionez ere bai».   

Gidoilariak falta dira

Entzuleen artean begiradak, Sagardoik hitza hartu duen momentu batean: «Euskarazko film asko euskaraz egiten dira bestela ez dutelako diru laguntzarik jasotzen». Ea, nola da hori? «ETBren dirua jasotzearen baldintza bat izaten da elkarrizketen %70 baino gehiago euskaraz izatea. Horregatik izan dira lan asko euskaraz, eta ez euskaltzaleak garelako». Aktoreak dio: «Inork ez du mundu euskaldun bat iradoki nahi». Are gehiago, Sagardoik kontatu du film batzuetan grabaketa osteko bikoizketan edo off-eko ahotsean gaineratu izan dituela euskarazko esaldiak, bestela euskara ez zelako bete beharreko %70 horretara iristen.

Askotariko meloiak zabaldu dira Miramar jauregian. Sagardoik irekitako bat: «Ez daukagu euskal gidoilari nahikorik. Eta batzuetan topatzen ditugu gidoi batzuk, zeinetan sentitzen dugun: 'Hau ezin dut esan!'. Batez ere hitz horiek ordena horretan ez dituelako inork esaten». Tradizio faltak horretan eragina duela argi du Sagardoik. «Hori da arrazoietako bat filmetako elkarrizketetan hain sintetikoak izateko».

Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Ramon Agirre aktoreak EHUko udako ikastaroetan.
Eneko Sagardoi, Ramon Agirre, Edurne Azkarate eta Samara Velte, ostegunean, EHUko udako ikastaroetan. JON URBE / FOKU

Entzuleetako batek proposatu du gidoilari eskola bat sortzea, gidoiak euskaraz sortzeko. Sagardoik baiezkoa: «Ondo legoke modu publikoan eta arautuan ikus-entzunezkoetarako idazleak eta zuzendariak sortzea. Gidoilariarena bada nahikoa ofizio behar duen eskaintza bat emateko administrazio publikoaren aldetik».

Ikastaroko azken egunean, hiru zinema ekoizle aritu dira solasean. Aipatu dute euskarazko film gehienak urteko azken hilabeteetan estreinatzen dituztela aretoetan, Donostiako Zinemaldiaren abaroan. Josu Martinezek egin du galdera: «Donostiako Zinemaldia al da euskal zinemaren Mitoaroa?». Irailean galdera gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE