Zinema

Galtzak bete lan sosak lortzeko

Hiru ekoizleren arteko solasaldia eginda eman diote amaiera euskal zinemari buruzko EHUko udako ikastaroari. Katti Poxeluk, Ander Barinaga-Rementeriak eta Miren Berasategik euskarazko ekoizpenen zailtasunak azaldu dituzte.

Katti Poxelu, Ander Barinaga-Rementeria, Miren Berasategi eta Josu Martinez, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU.
Katti Poxelu, Ander Barinaga-Rementeria, Miren Berasategi eta Josu Martinez, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2026ko ekainaren 19a
17:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal zinemari buruzko EHUko udako ikastaroaren bigarren eta azken egunean, euskaraz filmak ekoizten dituzten hiru lagun elkartu dituzte Donostiako Miramar jauregian. Josu Martinez ikastaroko zuzendariak galdetu die ekoizleei zein izan den haientzat mugarri bat. Gastibeltza Filmak ekoiztetxeko ekoizle Katti Poxeluk Itziar Leemansen Ximinoa film laburra aipatu du, Iparraldeko sortzailea delako, emakumea delako eta halako sortzaileei laguntzea dutelako xede. «Finantza iturri guztiak lortu genituen. Kimuak katalogoan hautatu zuten. Horri esker, ibilbide polita izan zuen filmak jaialdietan. Parisen, jaialdi batean, Arte telebistari saldu genion lana, eta mugarri polita izan zen».

Lotura Filmseko zuzendari Miren Berasategik animaziozko proiektuetan jarduten du. «Lur eta amets izan zen nire lehen filma. Asko ikasi nuen, eta oraindik ikasten ari naiz». Irusoin ekoiztetxeko Ander Barinaga-Rementeriak —Galapan ekoiztetxearen sortzaileetako bat ere bada— 2014ko Donostiako Zinemaldian Loreak ikusi zuenekoa gogoratu du. «Iaz, Maspalomas-en prozesu osoa bizi, eta Kursaalaren beste aldean nintzen».

«Dirurik gabe ezin da zinemarik egin, eta hori da erronka. Gauzak ondo joanda ere, euskaraz ari garenok zail daukagu»

ANDER BARINAGA-REMENTERIAIrusoin ekoiztetxeko kidea

Martinezek gaur egungo egoeraz galdetu die, eta Barinaga-Rementeriak azaldu du «izugarrizko aldaketa» gertatu dela sektorean. «Dirurik gabe ezin da zinemarik egin, eta hori da erronka. Gauzak ondo joanda ere, euskaraz ari garenok zail daukagu». Berasategiren iritziz, egiturazko arazoa dago. «Guk lantalde bat osatzen dugu, eta hori urrea da. Egonkortasuna lortu nahiko genuke, baina ez da erraza. Gure prozesuak motelak dira; jende asko behar da». Poxeluk Iparraldeko egoera esplikatu du: «Ari gara poliki-poliki teknikariak kontratatzen, baina ez dago urte osorako lanik. Bestetik, koprodukzioak egiten ditugu Hegoaldeko ekoiztetxeekin eta teknikariekin». EAEn bestelako ekoizpenen filmaketek eragina badutela gaineratu du. «Datorren urtearen amaieran film labur bat filmatu behar dugu, baina ez dakigu zein langile izan ahalko dugun». Alde horretatik, Barinaga-Rementeriak azaldu du Moriartirekin film labur bat egin berri dutela teknikari asko libre gelditu zirelako bi proiektu handiren tartean, bizpahiru egunetan. 

«Guk lantalde bat osatzen dugu, eta hori urrea da. Egonkortasuna lortu nahiko genuke, baina ez da erraza. Gure prozesuak motelak dira; jende asko behar da»

MIREN BERASATEGILotura Films ekoiztetxeko zuzendaria

Euskarazko lanen finantzaketaren %80 diru publikoa izan daiteke, gehienez, Hego Euskal Herrian. «Daukagun erronka finantzaketa pribatua da, eta euskara zaurgarriago dago hor», ohartarazi du Barinaga-Rementeriak. «EITBk egin ditu apustu batzuk. Baina eszeptikoa naiz finantzaketa pribatuaren jarraitutasunari dagokionez. Eta merkatuaren dinamika horietan ibiltzeko erronka dugu. Adibidez, Paul Urkijoren filmek aurrekontu handia dute, eta, ez badago nazioarteko plataforma bat tartean, nekez lortuko dugu finantzaketa». Berasategik dio haiei asko kostatzen zaiela nazioarteko plataformengana iristea. Lotura Filmseko ekoizlearen arabera, denek nahi dute EAEko biztanle izan, pizgarriak tarteko. «Eta euskaraz ari direla esaten dute zenbaitek. Ausartzen dira horretara, euskaraz ari direla esatera, eta hori oso arriskutsua da. Tratu txarra ematen zaio modu horretan, ordea, euskarari». Barinaga-Rementeriak uste du film batean «euskara kaskarra» izateak ikusle potentzialengan eragin kaltegarria duela. «Nola mugatu hori? Erantzuna banu...».

«Dena gertatzen da Parisen. Frantziako Gobernuan eta Akitanian kulturarentzako laguntzak murrizten ari dira. Dibertsitatea aipatzen dute Parisen, baina halakorik ez da»

KATTI POXELUGastibeltza Filmak ekoiztetxeko kidea

Poxeluk azaldu du, bestetik, Frantzia «biziki zentralizatua» dela. «Dena gertatzen da Parisen. Frantziako Gobernuan eta Akitanian kulturarentzako laguntzak murrizten ari dira. Dibertsitatea aipatzen dute Parisen, baina halakorik ez da. Dibertsitatearen diru funts bat bada Frantziako erakunde publikoetan, eta gu ez gara hor sartzen. Nahiko genituzke EAEko baldintzak izan».

Kontsumoaz ere galdetu du Martinezek. Poxeluren arabera, ez da sekula aski: «Baliabideak behar dira promozioan eta komunikazioan, ikusgarritasunean asmatzeko. Dena dela, Iparraldeko aretoetan proposatzen ditugun filmak onartzen dituzte, eta hortaz, ez gaude hain gaizki ere». Berasategiren arabera, kontsumoa asko aldatu da: «Kostatu egiten da jendea zinema aretoetara joatea». Barinaga-Rementeriak aipatu du badela «nagitasun bat» euskarazko filmak ikusteko. «Baina pantaila handirik gabe, nekez izango dira pantaila txikiak». Irusoingo ekoizleak kezkagarritzat jo du iazko udazkenean areto komertzialetara iritsi diren euskarazko filmek gero eta ikusle gutxiago izan dituztela. 

«Desio bat etorkizunerako?» galdetu die Martinezek. Barinaga-Rementeriak: «Denbora, proiektuak egiteko». Berasategik: «Euskaraz egiten jarraitu ahal izatea». Poxeluk: «Jarraitu ahal izatea, bai. Eta begirunea».

Ipar Euskal Herriko zinema

XXI. mendeko lehen urteetan, euskarazko filmak ez ziren iristen Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako zinema aretoetara. Eta gela horietan euskal zinemaren banaketan funtsezko rola jokatu zuen Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen sorrerak, Graxi Irigarai ikerlariak Miramar jauregian azaldu duen moduan —Hizkuntza gutxituak eta ikus-entzunezkoak Frantzian. Euskal zinemaren garapena eta aldeko lurralde politika publiko baten genesia Ipar Euskal Herrian (2015-2023) izenburuko doktore tesia aurkeztu zuen 2023an—. La Fidele Productions ekoiztetxeak ere jardun du azkeneko bi urteetan euskarazko filmak Ipar Euskal Herrian banatzen. Era berean, Irigaraik nabarmendu du Aldudarrak Bideo-Kanaldudek «garrantzi handia» izan duela euskal zinemaren sorkuntzan eta zabalkundean. Hala du gaur egun ere.

Iparraldean filmatutako fikziozko euskarazko hiru film luze azpimarratu ditu Irigaraik: Xora (Peio Cachenaut, 2011), Bañolet (Paxkal Irigoien eta Maia Iribarne, 2023) eta Bizkarsoro (Josu Martinez, 2023). «Azken horrek kristoren arrakasta izan zuen. Bada Iparraldean publiko bat film horietan interesa duena», ondorioztatu du Irigaraik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA