Euskal zinema azken hogei urteotan izan denaren «begirada panoramiko bat» osatu dute Samara Velte eta Josu Martinez EHUko Nor taldeko ikerlariek. Datu base bat osatu dute, «euskal zinemaren errolda bat»; Veltek azaldu duenez, euskarazko liburugintzarekin Joan Mari Torrealdaik 1977. urtetik aurrera egin zuenaren moduko lan bat egin nahi dute euskal zinemagintzarekin. 2005etik 2025era, nagusiki euskaraz egindako 1.267 film zenbatu dituzte bi ikerlariek. Horien artean, dokumentalak, animaziozko lanak, fikziozko film luze eta laburrak eta lan esperimentalak zerrendatu dituzte. Eta horietatik %65 film laburrak izan direla nabarmendu dute. Beste datu esanguratsu bat ere eman dute: filmen erdiak baino gehiago herri ekimenez sortu dira. «Zinema herrikoia existitzen da», ondorioztatu dute.
Aupa Etxebestetik Maspalomasera: euskal zinemak 20 urte (2005-2025) Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroan eman dituzte datu horiek bi ikerlariek —haiek dira ikastaro horren zuzendariak—. Bertan, euskal zinemagintzak 2005etik 2025era izandako ibilbidea aztertu, eta alor horretan lan egiten duten eragile nagusiak eta adituak elkartu dituzte Donostian, Miramar jauregian.Â
Veltek azaldu duenez, aipatutako 1.267 film horiek 868 zuzendarik ondu dituzte. «Zuzendari horien bi heren gizonezkoak dira. Baina azkeneko urteetan emakume zuzendarien kopurua gorantz doa». Hala ere, milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontua izan duten euskarazko filmen artean, soilik batek izan du emakumezko zuzendaria.
Filmen finantzaketari erreparatuta, Martinezek ohartarazi du filmen erdiak baino gehiago diru publikorik gabe egin direla. Dokumentalek hartzen dute, film laburrekin batera, 1.267ko kopuru horren parte handi bat. «Eta dokumental bakar bat ez da iritsi milioi bat euroko aurrekontura. Herri ekimeneko lan gehienak, bestalde, oso diru gutxirekin egin dira». Bestelakoa da fikziozko film luzeen kasua, gehientsuenak egin baitira diru publikoaren laguntzaz.Â

Veltek azaldu duenez, euskal zinema gehiago mintzo da gai unibertsalei buruz, bertakoei buruz baino: «Gizarte gaietan gorakada bat gertatu da. Euskal gatazka dokumentalen bidez kontatu da. Gatazka sozial eta politiko gehienetan, protagonistak gizonezkoak dira», zehaztu du.
Bestalde, euskal zinemaren inguruko hemeretzi ikerketa bildu dituzte Martinezek eta Veltek Hasiera bat izeneko liburuan. Gaur bertan ziren liburua aurkeztekoak, baina, azkenean, irailean argitaratuko dute euskarazko zinemaren gaineko liburu mardula. Liburu horretan jasotako ikerketen egile batzuek ere EHUko Udako Ikastaroan parte hartuko dute gaur eta bihar.
Datu basea sarean jarri nahi dute
Datuak azaldu ostean, zenbait ideia nagusi plazaratu dituzte ikerlariek, ondorio gisa. «Euskal zinema askotarikoa da. 2005etik aurrera, gure industria txikitxo bat ari da sortzen, edo hasi da», nabarmendu du Veltek. Garrantzitsua iruditzen zaio, halaber, herri ekimeneko zinemagintza aintzat hartzea «koadro osoa ikusteko garaian». Martinezek, bestalde, zera galdetu du: «Zer bizi gara, loraldi intermitente batean edo ziklotimia iraunkor batean?». Izan ere, haren hitzetan, «hainbeste alditan aipatu den loraldiak ez baitu islarik datuetan; hazkundea ez da uniformea izan, eta ez dago segurtatuta». Horiek horrela, ohartarazpena ere egin du: «Datozen hogei urteak ziklotimia batean pasatu ez ditzagun, egiturazko neurriak hartu beharko lituzke sektoreak, euskarari zentraltasuna emanez». Martinezen ustez, gainera, euskarari zentraltasun hori ez zaio bakarrik eman behar politika publikoetan, baizik eta baita hedabideen agendetan eta pantailen programazioan ere.
DATUAK
Â1.267Â
Zenbat film jaso dituzten datu basean. Martinezek eta Veltek datu basean jaso dituzte euskaraz 2005etik 2025era sortutako askotariko euskarazko filmak. Film laburrak eta dokumentalak gailentzen dira guztizko horretan.
543Â
Euskarazko zenbat filmek izan dituzten ekoiztetxe profesionalak. Lan horietako hamarretik zazpi Gipuzkoako ekoiztetxeek sustatu dituzte.
868Â
Filmen zuzendariak. Zenbatu dituzten 1.267 filmetan 868 zuzendariren izenak jaso dituzte. Horietatik bi herenak gizonezkoak dira.
Velteren arabera, euskal zinemaren arazoak euskal gizartearen arazoak dira. «Euskal zinema hierarkia nabarmenak dituen eremu bat da. 1.267 film horiek ez dira baldintza berberetan egin. Film garestienen %93 gizonezkoek zuzendu dituzte; pertsonaien bi heren gizonezkoak dira».
Eta Martinezek nabarmendu du, halaber, euskal zinemaren arazoak euskal kulturarenak ere badirela. «Bi hizkuntza hegemonikoren artean bizi da euskal kultura, orokorrean. Eta euskaldun gehienek bi hizkuntza horietan kontsumitzen dituzte literatura, musika eta ikus-entzunezkoak. Horrez gain, inperialismo kultural anglo-saxoiak Europako herrialde handiak dardarka jarri dituenean subiranotasuna eta norbere kultur identitatea eratzeko gaitasuna horrekin lotuta dagoela ikusi dute, eta kuotak ezarri dituzte. Paisaia global horretan, zer jokaleku gelditzen zaio euskal zinemari? Biziraun al dezake erakundeen laguntzarik gabe?».Â
Galdera horiei erantzuten eta euskaraz egiten diren filmak biltzen jarraitu nahi dute Veltek eta Martinezek, Torrealdaik liburuekin urte luzez egin zuen moduan. Haien asmoa litzateke osatu duten datu basea Interneten jartzea. «Finantzaketa eskatu berri dugu, datu base hori publikoki Interneten jarri ahal izateko. Hurrengo urratsa hori izango litzateke», iragarri du Veltek.
Finantzaketa iturriak
Martinezek eta Veltek irailean argitara emango duten liburuan parte hartu du Patxi Azpillaga EHUko Nor ikerketa taldeko ikerlariak, finantzaketaren gaineko artikulu batekin. Bertan jasotako zenbait ideia azaldu ditu egileak Miramar jauregian, Euskal zinemaren oinarri ekonomikoak: euskarazko filmen finantzaketa iturri nagusien azterketa hitzaldian. Azpillagaren arabera, hogei urteotan euskal zinemaren produkzioa ez da izan urtez urte egonkorra. «Baina bai jarraitua, batez ere Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen eta ETBren ekarpenen konbinazioari esker». Aintzat hartzekoa da, halaber, Irati, Gaua, Faisaien irla zein Maspalomas euskarazko filmek ICAA Espainiako Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren laguntza nabarmenak jaso dituztela. «Foru aldundietako laguntzek funtzio osagarria bete dute». Nafarroako diru laguntzek euskarazko proiektuetan isla edo eragin txikia izan dutela gaineratu du ikerlariak.
Azpillagak nabarmendu du EITB legez behartuta egon dela, 2007ko dekretuaren eraginez, bere inbertsioaren zati bat euskal zinemagintzan egitera. Irrati-telebista publikoaren inbertsioak handiagoak izan ziren 2008 eta 2011 bitarteko urteetan 2023an baino.Â
Azken urteetako euskarazko filmik garestienen aurrekontua 3 eta 5 milioi euro artekoa izan da. Eta alderaketa egin du Azpillagak inguruko herrialdeen ekoizpenekin: «Europako Ikus-entzunezko Behatokiaren arabera, 3,2 milioi euroan dago Europako batezbestekoa, nahiz eta filmen %78k hiru milioitik beherako kostua duten. Baina datu horien arabera, euskal zinema, herrialde txiki bateko zinemagintza izanik ere, merkatu handiko zinemagintzen tamainan ari da».
Kenkari fiskalen gaia pil-pilean da, eta horri buruz ere mintzatu da ikerlaria. «Laguntza horiek dimentsio handia hartu dute, eta nahiz eta haien zati bat kanpoko obren filmaketa erakartzeko erabiltzen den, ez da txikia bertako produkzioa laguntzera bideratzen dena ere». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerga pizgarrien datuei begiratuz gero, euskarazko proiektuek ehuneko oso txikia hartzen dute beste hizkuntzetakoen aldean —gaztelaniazkoen aldean, nagusiki—.
Ondorioen artean, Azpillagak azaldu du nabaria dela zinemaren gaineko lege propioen falta. «Bertako lege batek estatutu propioa emango lioke euskal zinemari eta haren babesari. Ikusi denez, 2007ko dekretua funtsezkoa izan da euskal zinemaren garapenerako bi hamarkada hauetan, derrigorrez bete beharreko baldintzak ezartzeari esker». EHUko ikerlariak argi du: «Bada garaia hortik harago joateko».
Bihar, hizlari gehiago
Ikastaroko lehen egunean parte hartuko dute Gentzane Martinez de Osaba EHUko irakasle eta zinema ekoizleak eta Katixa Agirre Nor ikerketa taldeko irakasle eta ikerlariak. Arratsaldean, «aktore euskaldun izatearen» inguruan mintzatuko dira Ramon Agirre, Eneko Sagardoi eta Edurne Azkarate. Bizipenak, ajeak eta erronkak jarriko dituzte mahai gainean.
Bihar, berriz, ikastaroaren bigarren eta azken egunean, Ipar Euskal Herriko zinemak azken bi hamarkadetan egin duen bideaz hitz egingo du Graxi Irigarai ikerlariak; dokumentalgintzaz mintzatuko da Xabier Ortiz de Urbina EHUko ikerlaria; Amama, Atarrabi eta Mikelats eta Irati filmetako mitoak aztertuko ditu Magdalena Gajweskak; eta Moriarti ekoiztetxearen sormen unibertsoaren ingurukoak azalduko ditu EHUko irakasle eta ikerlari Nekane Errittek. Zinema euskaraz ekoiztearen inguruko mahai inguru batekin bukatuko da ikastaroa: Katti Pochelu (Gastibeltza Filmak), Ander Barinaga-Rementeria (Irusoin / Galapan) eta Miren Berasategi (Lotura Films) ekoizleak izango dira solaskideak.