Sara Azurza
Ekografiak

Haizeak eramandakoa

2026ko azaroaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskoziak badu zerbait hipnotikoa. Badu zerbait bere paisaia amaigabeetan, musikaren doinuetan eta bertako jendearen izaeran, behin eta berriz harrapatzen nauena. Carys Davies idazlearen Clear liburuak iruditeria horretan murgildu nau, 1843an girotutako istorio baten bidez Shetland uharteetako irla bakarti batera eramanez. Eta orrialdeetan barrena, beste istorio bat etorri zait gogora. What We Did on Our Holiday filmak, hain zuzen, liburuko paisaia horietara eraman nau berriro, bihotzeraino iristen den beste istorio batekin.

Andy Hamilton eta Guy Jenkin zuzendarien filmak Doug (David Tennant) eta Abi (Rosamund Pike) bikotearen bidaia kontatzen du. Hiru seme-alabekin Eskoziara abiatuko dira, Gordy aitonaren (Billy Connolly) urtebetetzea ospatzera. Baina familiak bi sekretu ditu gordetzeko: gurasoak banantzear daudela eta aitona larri gaixo dagoela. Hiru ume tartean daudenean, ordea, sekretuek ez dute luze irauten. Urtebetetze-egunean, aitona hiru bilobekin hondartzara joango da. Han hilko da, eta haurrek, haren azken nahia errespetatuz, bikingoen erritual baten bidez agurtuko dute. Gertakari horren inguruan garatzen da istorioa.

Haurrak dira, beraz, filmaren benetako protagonistak. Helduak itxurak mantentzen, eztabaidatzen eta egia ezkutatzen saiatzen diren bitartean, umeek naturaltasun harrigarriz egiten diote aurre errealitateari. Haien galdera deserosoek, erantzun ustekabekoek eta xalotasunak behin baino gehiagotan eragiten dute barrea, baina baita zer pentsatua eman ere.

Heriotza, dibortzioa eta familia-gatazkak dira komedia honen ardatzak. Ez dirudi barre egiteko abiapuntu aproposena, baina filmak umore beltza eta samurtasuna ederki uztartzen ditu. Batzuetan aurreikusgarria izan daiteke, baina horrek ez dio xarma kentzen. Hiru haur protagonisten arteko konplizitateak eta Billy Connollyren pertsonaiaren samurtasunak erabat bereganatzen dute ikuslea.

Eskoziako paisaia amaigabe horietan, haizeak gogor jotzen duen bitartean, filmak gogorarazten digu batzuetan umeen begietatik begiratu behar diogula munduari. Beharbada horregatik gustatzen zaizkit hainbeste Eskozian girotutako istorioak, badutelako zerbait benetakoa, haurren begiradaren antzekoa.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA