urtzi urkizu
Pantailen artetik

Hind Rajab Hamada

2026ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Save the Childrenen, Unicefen eta Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urritik gaur arte Israelek Gazako 21.000 haur baino gehiago hil ditu. Neska-mutiko horiek izena zuten, bizitza bat zuten aurrean. Hind Rajab Hamada da haietako bat. 2024ko urtarrilaren 29an, Israelgo soldaduek tiroz hil zuten 5 urteko neska hori, auto batean zela. Auto berean zeuden senide guztiak hil zituzten. Baita neska erreskatatzeko asmoz joanak ziren Yusuf Zeino eta Ahmed al-Madhun ere. Anbulantzia batean zihoazen azken horiek.

Kaouther Ben Hania zinemagilea Hind Rajaben argazkiarekin.
Kaouther Ben Hania zinemagilea Hind Rajaben argazkiarekin, iazko irailaren 3an, Venezian. ETTORE FERRARI / EFE

Hind Rajaben istorioa zinemara eraman du Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarrak. Veneziako zinema jaialdiaren iazko aldian aurkeztu zuten Saw al-Hind Rajab filma, eta lehen emanaldian 23 minutuko txaloaldia jaso zuen. Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazita, Donostiako Zinemaldira iritsi zen gero. Publikoaren Saria lortu zuen bertan —Uxue Arzelusek pelikulaz idatzi zuen BERRIAn—. Eta filmean protagonisten rola jokatu zuten aktoreek momentu oso berezia bizi izan zuten irailaren 24an: Euskal Herria-Palestina batzordeak deitutako manifestazioak geldialdi bat egin zuen Viktoria Eugenia antzokiaren aurrean, filmeko lantaldekoek protestarekin bat egin zezaten. Motaz Malhees eta Saja Kilani aktoreak ziren tartean. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria ere manifestazioan zen, beste milaka herritar askorekin batera.

Genozidioa Stop, Cinema with Palestine lemapean manifestazioa egin da The Voice of Hind Rajab pelikularen emanaldiarekin kointzidituz
'Genozidioa Stop, Cinema with Palestine' manifestazioarekin bat egin zuen 'Saw al-Hind Rajab' filmeko taldeak, irailaren 24an, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Zinemaldiko azken gauean, Publikoaren Saria jaso ostean, lerro hauek idatzi dituen kazetariak aukera izan zuen Motaz Malhees aktore palestinarrarekin hitz egiteko. Esker ona adierazi zuen bihotz-bihotzez, euskal herritarrek Donostian egindako manifestazio harengatik. Kaleko edozein herritarrek zalantza izan dezake ea Palestinako genozidioaren aurka protesta egiteak zerbaitetarako balio ote duen, baina bai, balio du. Malheesek elkartasuna nabaritu zuen, eta Donostiako Zinemaldiak ere lagundu zion horretan. Aintzat hartu: Londresen bizi da aktorea. Eta, iazko abuztuan, Paul Laverty Eskoziako zinemagile eta gidoilaria atxilo hartu zuten Palestine Action erakundearekin bat egiteagatik —asteon Cannesen ere argi mintzatu da Laverty—.

Eta, hara: Saw al-Hind Rajab filma Oscar sarietarako hautagaia izan da aurten, atzerriko filmik onenaren kategorian. AEBetako Gobernuak ez zion utzi Malheesi herrialdera sartzen, eta, beraz, ezin izan zen egon Oscar sariak banatzeko ekitaldian. Zergatik eta palestinarra delako.

Motaz Malhees, aktorea. The voice of Hind Rajab filmak Donostia Hiria Publikoaren saria jaso du.
Motaz Malhees aktore palestinarra, Publikoaren Donostia Hiria saria jasotzen, iazko irailaren 27an. MAIALEN ANDRES / FOKU

AEBetako beste jaialdi batean, Chicagokoan, Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Malhees protagonista duen filmak.

Neskaren benetako ahotsa

Sentimenduz beteta antzezten dituzte beren rolak Malhees eta Kilani aktoreek Saw al-Hind Rajab filmean. Autoan harrapatuta dagoen neska haiekin ari da telefonoz. Lehengusuak eta izeba-osabak hilda daude autoan, haren ondoan. Ume palestinarra erreguka ari da bere bila joan daitezen. Eta Hind Rajab Hamada txikiaren benetako ahotsa entzuten da pelikulan. Benetakoa izaki, ikus-entzuleari pizten zaion estutasuna are mingarriagoa da. Ispilu joko bat ere proposatzen du Ben Hania zinemagileak, benetakoaren eta fikziorako grabatutakoaren artekoa. Bazituen horrek bere arriskuak, baina pelikularen emaitzan ez da kalterik. Funtzionatzen du.

Arlo zinematografikoari eta estetikoari erreparatuta, azken urtean izan dira film esanguratsuagoak. Baina Saw al-Hind Rajab da azkeneko hilabeteetan estreinatutako pelikularik garrantzitsuena. Ahotsa eta aurpegia jartzen baitie Israelek hil dituen 21.000 haur horiei. Munduari esaten baitio argiro zer gertatzen ari den Ekialde Hurbilean.

Sawt al-Hind Rajab filma
'Sawt al-Hind Rajab' filmeko irudi bat. FILMIN

Esloveniako RTV telebista publikoak Ekialde Hurbileko egoeraren inguruko programazio berezia eman zuen bart, Eurovision musika jaialdiaren finalaren egunean, genozidioaren aurkako ekintza gisa. Esloveniako ikus-entzuleek Saw al-Hind Rajab filma ikusi ahal izan zuten, besteak beste.

Bitartean, Vienan, 25 herrialdetako kantariek Eurovisioneko finalean parte hartu zuten. Herrialde horietan guztietan eman zuten jaialdiaren finala, eta, hala, Israelen genozidioa zuritu (Frantziako telebista publikoak eman zuen; Espainiakoak, ez). The New York Times-ek argitaratu duenez, Benjamin Netanyahu presidentearen propaganda taldeak dirutza erabili izan du botoak erosi eta jaialdian eragiteko, eta, aldi berean, nazioartean Israelen bandera altxatzeko. Odolez zikinduta dago haien kantua, AEBen babesean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA