perlak
Zuzendaria: Kaouther Ben Hania. Aktoreak: Saja Kilani, Motaz Malhees, Clara Khoury, Amer Hlehel. Herrialdea: Tunisia - Frantzia. Iraupena: 89 minutu.
Hau benetan gertatu zen, gertatzen ari da
Fikziozko film bati buruz aritu nahiko nuke. Zientzia fikziozkoa, sekula gertatuko ez den etorkizun apokaliptiko ilun horietako batean kokatua. Eta pantailara begiratuta ia sinetsi genezake hala dela, baina Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarrak argi utzi nahi digu ikusten ari garena, entzuten ari garena benetan gertatu zela, gertatzen ari dela. Hasieratik azalduko zaigu entzuten ditugun grabaketak ez direla fikzioa, eta kontakizunean gehiegi murgiltzearen arriskua baztertzeko, filmaren unerik estuenean berriro ere argituko digu; egun hartan grabaturiko irudiak eta mugikor bat erabiliaz, antzezpenaren eta errealitatearen arteko muga hautsiko du: hau benetan gertatu zen, gertatzen ari da.
2024ko urtarrilaren 29an Gazako Tel al-Hawa auzoan zegoen Hind Rajab, 6 urteko neskatila. Osaba, izeba eta lau lehengusinarekin autoan zihoala, Israelgo armadaren tankeek tirokatu zituzten. Alemanian bizi zen osaba batek haiekin hitz egin eta Ilargi Erdi Gorriaren larrialdietara deitu zuen laguntza eske. Hauek Hindekin hitz egitea lortu zuten, kotxean zihoazen gainontzekoak hil egin baitzituzten. Filmak haurra erreskatatzeko ahaleginak erretratatzen ditu; larrialdietako bulegotik atera gabe, telefono deien bidez koordinatzen saiatzen ari diren langileak ikusiko ditugu, neskatilarekin hitz egiten duten bitartean.
Norbaiti entzun nion filma ikustea dolu kolektibo bat bizitzea izan zela. Ezintasuna, amorrua, mina datozkit niri burura. Eta bizipena zinema jaialdi bateko butaka erosoetatik datorrela azaltzean ezin dut saihestu hipokrisia hitza ere bururatzea. Etsipena datorkit ondoren. Ben Haniak ahotsa eman dio genozidioaren biktima bati, eta beste hainbat eta hainbat bideo, argazki eta testigantzarekin batera gertatzen ari denaren errelatoa osatuko du. Urte batzuk barru egun Hinden adina duten haurrei erakutsiko diegu filma, eta amorru biziz esan beharko diegu: hau benetan gertatu zen, eta mundua begira ari zen.