Sara Azurza
Ekografiak

Hitzaren boterea

2026ko azaroaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruzur bat, bahiketa bat eta kazetari baten zuzeneko bitartekaritza. Horiek dira Movistar Plus eta Amazon Prime Video plataformetan ikus daitekeen American Hostage telesailaren osagai nagusiak. Benetako gertakarietan oinarritutako thriller hori urteko aipagarrienen artean kokatzeko modukoa da.

1977an, Tony Kiritsisek hipoteka enpresa bateko zuzendaria bahitu zuen, enpresak iruzur egin ziola sinetsita. Eskopeta bat bahituaren lepoari lotuta, Indianapoliseko kaleetan barrena eraman zuen, eta bere aldarrikapenak zuzenean zabaltzeko eskatu zion Fred Heckman irrati esatariari. Gatazka pribatu bat ikuskizun mediatiko bihurtu zen horrela.

Shawn Ryanek sortutako telesailak Heckman kazetaria (Jon Hamm) jartzen du erdigunean. Bahitzailearen konfiantza irabazi behar du, baina, aldi berean, bere lanbidearen mugak zalantzan jartzen hasten da. Non dago informatzearen eta ikuskizunaren arteko muga? Kazetariak gertakarien berri eman behar du soilik, ala esku hartu? Fred Heckman protagonistak bahitzailearekin duen harremanak galdera horiek guztiak azaleratzen ditu, bereziki Poliziaren, komunikabideetako arduradunen eta abokatuen presioak areagotzen direnean.

Hamm ikustean, zaila da Mad Men telesaileko Don Draper ez gogoratzea. Bi pertsonaiek dotorezia, ahots sendoa eta segurtasuna transmititzeko gaitasuna dute. Draperrek publizitatean hitzak erabiltzen zituen desirak sortzeko; Heckmanek, irratian, bizitza bat salbatzeko erabili beharko ditu. Biek, gainera, itxurazko sendotasunaren atzean zalantzak ezkutatzen dituzte. Hammek bikain erakusten du kontrolpean daudela diruditen gizonen hauskortasuna.

Bestalde, telesailak ez du Tony Kiritsis bahitzailea gaizkile soil gisa aurkezten. Giovanni Ribisik antzeztutako pertsonaia etsipenak eta amorruak bultzatutako gizon bat da, hipoteka sistemaren aurrean engainatua sentitzen dena. Horrek ez ditu haren ekintzak justifikatzen, baina istorioari konplexutasuna ematen dio. Telesailak, hala ere, indarra galtzen du tarteka. Finantza sistemaren gehiegikerien, komunikabideen boterearen eta pertsonaien psikologiaren artean sakabanatzen da, eta hasierako tentsioa apaldu egiten da.

Dena den, aktoreen lanak eta istorioaren abiapuntu harrigarriak telesaila ikusteko arrazoi nahikoak eskaintzen dituzte. Eta, batez ere, Jon Hamm berriro ere hitzaren boterea ondo ezagutzen duen gizon baten larruan ikustea plazer handia da. Don Draperrek bazekien istorio on batek edozer sal zezakeela. Fred Heckmanek, aldiz, istorio bat kontatzeak bizitza bat salbatu edo arriskuan jar zezakeela ikasiko du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA