«Zuen gorpuak ezin izan genituen berreskuratu, baina zuen memoria berreskuratu dugu; ez zuten aintzat hartu hilek biziak zituztela inguruan, eta biziek memoria dutela». 36ko gerran frankistek Nafarroan fusilatu zituztenen senideen hitzak dira. Pantailan idatziak ageri dira A flor de tierra dokumentalean. Francisco Franco diktadorea hil eta bizpahiru urtera, Martzillan (Nafarroa) ekin zioten lehen desobiratze herritarra egiteari. Gero, beste herri batzuetan heldu zioten zeregin horri. «Puntu klandestino bat zuten», dio Carlos Jimeno historia irakasleak, ez baitzuten erakundeen laguntzarik. Desobiratze goiztiar deiturikoen ingurukoa da TVEren dokumental labur hori. Ikastetxe guztietan eman beharko lukete, dudarik ez da.
La2 eta Canal 24 Horas kateetan, urriaren 21ean eman zuten A flor de tierra, desobiratzeen eta frankismoko beste gai batzuen inguruan egindako albistegi luze eta sakon batean. Xabier Fortes kazetariak aurkeztu zuen saio hura, eta oso-oso interesgarria izan zen. Hunkigarria ere bai. Nafarroan 3.400 herritar hil zituzten 36ko gerran, «gerra fronterik izan gabe». Urte luzez, jendeak isilik sufritu zuen etxean, senideen hilketak zirela eta. «Hobitik atera eta etxera eraman. Hori besterik ez genuen nahi», dio emakume batek 1978tik 1980ra egin ziren desobiratze haien inguruan. Filma RTVE Play plataforman dago ikusgai.

TVE zerbaitetan ari da. Hori ezin da ukatu. Francoren heriotzaren 50. urteurrenaren harira egunotan eman dituzten dokumentalak badira zerbaiten seinale. Franco ospitalean hilzorian zegoeneko argazkiei buruzkoa izan zen dokumentaletako bat, eta, anekdota hutsaz gain, ez du ekarpen handirik egiten. La democracia no se hará sin nosotrxs dokumentalak baditu interes puntu batzuk, eta Gasteizen 1976ko martxoaren 3an hil zituzten langileengan jartzen du arreta tarte batean. Voladura 76 dokumentala —Marisa Lafuentek zuzendua— are interesgarriagoa da, pantailan bistaratzen baititu frankismoaren ondorengo hauteskunde demokratikoei bide emango zien Erreforma Politikorako Legearen atzeko azpijokoak. Hollywoodeko film baterako modukoa da trikimailuren bat: Adolfo Suarez presidentearen ingurukoek Panamako biltzar batera eta Karibeko itsas bidaia batera bidali zituzten erreformaren aurka zeuden prokuradore frankista batzuk, eta ez zieten esan kanpoan zeuden bitartean egingo zutenik lege haren bozketa. Bozketa telebistaz eman zuten, gainera.
Rodolfo Martin Villa zen 1976. urte hartan Espainiako Gobernuko Harreman Sindikaletarako ministro, eta, Voladura 76 lanean, patxada ederrean hizketan ageri da. Martin Villa zuritzen ari direla esatea ez dago sobran, saio horietan ez baitute aipatu frankismoari lotutako kereilaren harira ikertu gisa deklaratu beharko duela, otsailaren 4an.
Euskarazko hitzak, 1976an
Baserri bat lainopean. Euskarazko hitzak, off-ean: «Euskadin herria bera da herriko mugimendu bidez bere askatasunagatik borrokan dabilena. Borroka hontan bere karakteristika bereziak hartzen ditu. Egunetik egunera ematen den herriko borroka honetan, errepresioaren bidez joan dira gauzak gogortzen. Euskal Herrian, errepresioarekin, beste eskaerak joan dira gogortzen, Estatu Espainolean ez direnak horren gogor izandu. Alde batetik, herriko elkarte honetan benetako gauz garrantzi duen borroka hontan, herria manifestatzen da gogor errepresioaren aurka eta amnistiaren borrokaren alde...». Gernikako arbolaren plano bat. Eusko gudariak kantatu dute. Pasarte hori Pere Portabella zinemagilearen Informe general dokumentalean (1976) ageri da —149 minutu irauten du—. Juan Paredes Txiki-ren fusilamendua ere hartzen da hizpide lanean: Paredesen abokatuek hitz egiten dute, eta fusilatu zuten tokiraino joaten dira kontakizuna egitera.

1976. urtea. Hirietako kaleetan, herritarrak grisen atzetik korrika. Alderdi politikoen ordezkariak —denak gizonak—, hizketan: estatu federalaz mintzo ziren gehienak (kar-kar). Langileak, sindikatuak. Errepublikanoen erbestea. Aktore bat El Pardo jauregiaren barnean, diktaduraren «koadro instituzionala» nolakoa zen kontatzen. Kataluniako alderdietako ordezkariak etorkizunaz hizketan. Herri abandonatuak. Hori guztia eta gehiago dakar Portabellak, Franco hil eta hurrengo hilabeteetan filmatu zuen dokumentalean.
Pena da egunotan telebistarik ez ausartu izana Informe general (1976) hura ematera. Dena den, Amazon Prime Videon, Filminen eta Naranjas de Hiroshima webgunean ikus daiteke.
Kontsolamendu txiki bat bada egunotan, behintzat: Claudio Zulianek Portabellari buruz egindako dokumentala estreinatu berri dute Kataluniako 3Cat telebistan. Constel-lacio Portabella dokumentalaren ingurukoak, beste egun baterako.