gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Ikara

2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

2021. urtean Prime Videok Them estreinatu zuen. Antologia formatuan, eta arrazismoaren gaia ardatz hartuta, 1950eko hamarkadan kokatuta dago lehen denboraldia. Beldurrezko generoaren kodeekin jolastuz, lehen zati hura txukuna iruditu zitzaidan, baina oro har nahiko hotz utzi ninduen proposamenak. Little Marvin da proiektu horren arduradun nagusia, eta aurten Them: The Scare estreinatu du, antologiaren bigarren zatia, istorio eta pertsonaia berriekin. Lehen denboraldiak zituen oinarrizko zenbait arazo, neurri batean, zuzendu eta hobetu egin ditu, eta bigarrena askoz hobea iruditu zait.

Beldurrarekin asko gozatzen dut, bereziki maite dudan generoa da. Nahiko umetan hasi nintzen genero horretako edukiak kontsumitzen eta estilo, tonu eta gai askotariko beldurrezko film zein telesailak ikusi ditut; esan daiteke, beraz, oso ohitua nagoela generoaren ate guztiak irekitzen eta miatzen, nahiko zaila izaten da ni harritzea. Umetan, Jason Voorhees edota Freddy Krueger pertsonaiek ezinegon handia eragiten zidaten; telesail honek pertsonaia horiek pizten zizkidaten antzeko sentsazioak sortu dizkit.Kasu honetan 1990eko hamarkadako thriller kriminal ilun eta nahasien tonuaz zein atmosferaz baliatzen da oso konbentzionala den istorioa jorratzeko: serieko hiltzaile bat harrapatu nahian dabilen polizia. Los Angelesen gertatzen da guztia, 1991. urtean, eta polizia Dawn Reeve izeneko emakumezkoa da. Kasua argitzen saiatzen den heinean, Reeve fenomeno arraroak sentitzen hasiko da. Hiria eta garaia ezinbestekoak izango dira trama nagusiaren zenbait bidegurutze jorratzeko. Garai hartan taxi gidari beltz bat jipoitzeagatik epaitu zituzten lau polizia absolbitu zituzten eta arrazakeriaren aurkako istiluak hasi ziren. Telesailaren lehen denboraldian arrazakeriak garrantzia bazuen, hemen beste hainbeste. Emakumezkoa eta beltza den polizia, hilketa basatiak egiten dituen serieko hiltzailea eta arrazakeria borborrean dagoen garai nahasia; hori guztia gutxi ez eta atmosfera zapaltzaile oso ilun batekin busti dute guztia.

Narratiboki oso sinesgarriak ez diren desbideratzeak dituen arren, oso gustura ikusi dut telesaila. Hori bai, beldurraren zaleentzat bereziki gomendatzen dut; generoa gustuko ez baduzu, beharbada ez da zuretzako telesaila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.