Urriaren 23an, UEUk gonbidatuta, Akademiatik Plazara dibulgazio-ekitaldian parte hartu nuen Bilboko Kalderapeko euskal gunean. Bost ikertzaile gazterekin oholtza partekatzeko aukera izan nuen maduriker gisa (ikertzaile zaharra izendatzeko modu atsegina). Nire harridurarako, gela jakin-minez hurbildutako pertsonaz bete zen; ez ninduten harritu, ordea, bertan parte hartu zuten ikergazteen mailak eta komunikazio-ahalmenak. Ikerketaren bidea erraza ez delakoan, eta soldata handien ordez prekaritatea eta lan-karga handia izango dituztelakoan, zorterik onena opa nien, bokazioa, giza konpromisoa eta determinazioa badituztela jakitun.
Ekitaldi horren xedea gizarteak Euskal Herrian egiten ari den ikerketa ezagutzera ematea da, eta antzeko helburua du UEUk ekoitzitako eta Eider Saraguetak gidaturiko Ikerl(h)ari bideo-podcastak, hirugarren denboraldia estreinatu berri duenak. Artikulu hau idaztean, bi atal eskaini dituzte; lehenengoa Bilboko Bira kulturgunean grabatu zuten maiatzean, eta bigarrena, berriz, Iruñeko Katakraken, ekainean. Hori baita berritasunetako bat, Eibarretik atera eta beste eszenatokietan aritzea. Ordubeteko solasaldi interesgarria eskaintzeaz gainera, errealizazio bikaina bermatzen dute Bira Produkzioak eta IN estudioak.
Lehenengo emanaldian ikerketen diziplinartekotasuna izan zuten hizpide Olaia Eizagirre Sagastibeltzak eta Unai Lertxundi Gerrak, Jarduera Fisikoan eta Kirolean eta Ingeniaritza aplikatuan doktoregaiek, eta Maitane Serrano Murgia Neurozientzietan doktoreak. Bigarrenean, aldiz, sailkide dudan Samara Velte Mirandek, MUn doktoregoa egiten ari den Xabier Arraztoa Lazkanotegik eta Alazne Irigoien Dominguez Ikasketa Feministak eta Generokoetan doktoreak Ikerketa ibilbidearen zailtasunak eta oztopoak mahaigaineratu zituzten, Bidegurutzean izenburuko atalean. Besteak beste, gizarte-zientzien balio zientifikoa aldarrikatzen dute eta beren konpromisoa berresten dute, ez soilik aukeratu ibilbideagatik, baizik euskaraz egiteagatik ere. Unibertsitateak badu harrobia.
Inbertsio nahikorik ez, baina giza kapitala dagoela agerian dago Tania Arriagak gidatzen duen EHUpodcast saioan ere. Momentuz bi atal baino ez; estreinakoa, musika eta matematikei buruz eta gaztelaniaz, eta bigarrena, berriz, Jon Mattinekin, euskaraz, kimikaren inguruan. Hurrengoetan zientzian ari diren emakumeen ahotsak entzungo ditugulakoan, hau ere unibertsitatea gizarteratzeko beharrezko dibulgazio-tresna dugu.