Sara Azurza
Ekografiak

Indarkeriaren negozioa

2026ko urriaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira telesail guztiak entretenitzeko egiten. Batzuek errealitate jakin batzuk salatzea dute helburu, eta El Castillo (Movistar Plus+) horietako bat da. Donostia Zinemaldian, lehiaketatik kanpo, estreinatutako Isa Peña eta Eduardo Villanuevaren telesailak sexu esplotazioaren eta emakumeen salerosketaren errealitate gordina erakusten du, 90eko hamarkadaren amaierako Espainian kokatutako istorio baten bidez. Benetako gertakarietan oinarrituta dago, Mabel Lozanoren El proxeneta liburuan jasotakoetan, hain zuzen.

Istorioak hiru ikuspegi uztartzen ditu. Batetik, Suizo (Raul Arevalo) proxeneta dugu, emakume migratzaileen esplotazioarekin aberasten den gizona. Bestetik, Liesa (Omar Ayuso) eta Oseés (Laia Marull) poliziak, prostituzioaren atzean ezkutatzen den sare kriminala ikertzen ari direnak. Eta, azkenik, Claudia (Valentina Vidal), bere seme gaixoari laguntzeko asmoz etorkizun hobe baten bila Espainiara bidaiatzea erabakitzen duen emakume kolonbiarra. Laster ohartuko da agindutako aukerak tranpa hutsa direla.

Telesailaren indargune nagusietako bat indarkeria erakusteko modua da. Ez dago prostituzioaren idealizaziorik, ezta ikuslearen morboa asetzeko ahaleginik ere. Kamera biktimen ikuspegira hurbiltzen da, eta, zenbaitetan, erakusten ez duenak erakusten duenak baino indar handiagoa du. Argazki grisak, espazio zikinek eta giro itogarriak esplotazioaren errealitate gordina azpimarratzen dute.

Aktoreen lana ere aipagarria da, bereziki Valentina Vidalena. Haren begiradek eta isiluneek hitzek baino gehiago kontatzen dute. Raul Arevalok, berriz, egunerokotasunean errotutako gaiztakeria gorpuzten du, karikaturan erori gabe. Baina El Castillo ez da proxeneta batzuen krudelkeriari buruzko kontakizun hutsa. Pobrezia, migrazio-politikak, ustelkeria eta erakundeen konplizitatea ere jartzen ditu mahai gainean. Izan ere, emakume horien egoera ez da gaizkile gutxi batzuen jardunaren ondorioa soilik, indarkeria hori ahalbidetzen duen sistema oso batena baizik.

Ikusteko deserosoa da, eta halaxe izan behar du. Amaierak ez du lasaitasunik eskaintzen; aitzitik, halako indarkeria gertatzea ahalbidetzen duen gizartearen konplizitateari buruzko hausnarketa deserosoa uzten du. Ez da ikusteko erraza, baina aukera bat ematea merezi duen telesaila da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA