Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Iratxo bihurriak

2026ko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kiskur, Txipi eta Goroldio itzuli dira Bilbo Hiria Irratira oporrak amaitu eta gero. Hiru iratxo bihur hauek apirilean ia oharkabe sartu ziren estudioetan, eta aurretik Ane Mona, Oskola eta Karramarroi, Lur, Ilargi edo amama Felisa lagunek okupatu zuten programazio-tartean tokitxoa egin zuten. Hortik aurrera, asteburuero haur bilbotarrekin hitzordua dute uhinetan, baita ume euskaldun guztiekin ere irratiaren zein Arrosa sarearen webgunean. 

Esan bezala, ikasturte hasierarekin batera itzuli ziren aurreko larunbatean, etxeko txikiekin jaiegunetan eskolarik ez dagoela iragartzeko, eta, noski, ospatzeko. Hogei minutuz, haurrak galtzagorrien unibertso magikoan sar daitezke, abestu, istorioak entzun eta, zergatik ez, inguru errealari buruz ere ikasten duten bitartean. Eta, hori guztia —kontuan hartzekoa— pantaila bati pega-pega egon gabe. Ez ditut azken hauek deabrutu nahi, baina honelako irratsaioak badira, nire ustez, alternatiba on eta hezitzailea, aurreko zutabe batzuetan ere azaldu dudan bezala. Ez naiz nekatuko irratiaren balio pedagogikoak eta horiei gehitzen zaien entretenitzeko ahalmena goraipatzen. 

Kurkuluxetan elkartea dago Gaur ez dago eskolarik saioaren atzean, Bilbo Hiria Irratia sortu zuen enbor beretik jaioa, eta helburu gisa haur eta gazteak naturaltasunez euskaraz ari daitezen programa kultural zabala eskaintzea, plazetan, ikastetxeetan, baita irrati-uhinetan ere. Pertsonaiak aldatzen dira, horien ahotsen atzean dauden pertsonak ere bai, baina funtsean dauden balioak eta ilusioa ez, eta horretan datza, nire ustez, saio honen iraupena hainbat urtetan zehar. Ume izandako zenbat helduk izango dituzte sintonia eta abestiak beren bizitzaren soinu-bandan?

Dagoeneko ile zuria dugun askorentzat irratia izan zen aisialdirako tresna, eta gurasoentzako arnasgune, gure garaiko pertsonaien kontakizunak, ipuinak eta abestiak entzuten genituen bitartean baketan uzten genituen-eta. Eta, askotan, hori bera bilatzen da txikiei mugikorra ematen zaienean, lasaitasun-tarte txiki bat lortu, pantailan agertzen diren koloreak ikusten dituzten bitartean. Garai bakoitzak berea. Dena den, helduok animatzen ditut umeak soinuen bidezko mundu horietan murgiltzera, irudiak haiek asma ditzaten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA